ADMINISTRAZIO PROZEDURA
221
5. ADMINISTRAZIO PROZEDURAKO INTERESATUAK. GAITASUNA, ORDEZKAPENA ETA LAGUNTZA TEKNIKOA Administrazio prozeduran, «interesatu» adierazmolde orokorrak ordeztu ditu auzibide zibil eta penaletan alderdiei deitzeko erabiltzen direnak (demandatzaile eta demandatua, salatzaile eta salatua, kereilatzaile eta kereilatua, auziperatua etab.). Hala ere, administrazio prozedurako interesatuaren egoera eta auzibide zibil eta penaletakoak antzekoak izango dira, agian: demandatzailea izan daiteke, eta zerbait eskatu Administrazioari; demandatua ere izan daiteke, gainontzekoren batek administrazio eskubideren bat eskatzen badio (edozein emakida, funtzionario posturen bat, kontraturen bat adjudikatzea etab.); baita salatzaile edo salatua eta auziperatu edo erruztatua ere, espedientea zehatzailea denean. Horixe ateratzen da Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legetik, ze zerbait lortu nahian prozedurari eragin diotenak eta, orokorrean, prozedurak kalte ditzakeenak, biak, jotzen ditu interesatutzat. Horrela, hauexek izango dira interesatuak: a) Prozedurari eragiten diotenak, eskubideen edo legebidezko interesen (bai banakakoen eta bai taldekoen) titularrak izanda. b) Prozedurari eragin barik, bertan hartzen den ebazpenak zuzenean uki ditzakeen eskubideak dituztenak. c) Ebazpenak uki ditzakeen legebidezko interesak dituztenak, interes horiek banakakoak zein taldekoak izan, baldin eta ebazpena irmoa izan baino lehen bertaratzen badira (31. art.). Administrazio prozeduran alderdi izateko legebidezkotasunari dagokionez, Konstituzioaren 24. artikuluak eskubide subjektiboaren eta legebidezko interesaren arteko bereizketa jasotzen du —prozedura hori gero egin daitekeen auzibidearen aurreko fasea da eta, horrenbestez, kontzeptuak berdin jokatzen du kasu bietan—. Izan ere, artikulu horrek epaileen benetako babesa izateko eskubidea arautzen du, eta berme hori eskubide nahiz interesen titularrei aintzatesten zaie («pertsona guztiek dute, euren eskubide eta legebidezko interesak egikaritzean, epaile eta auzitegien benetako babesa lortzeko eskubidea, eta ez da inoiz ere defentsa ezik sortu ahal izango»). Zuzenbidearen teoria orokorrean azaltzen den eskubide kontzeptua baliozkoa da administrazio prozedurarako: beste subjektu bati prestazioren bat eskatzeko ahalmena da, ondarezko edukia izan zein ez, eta oinarri duen titulua (legea, kontratua, kontratuz kanpokoa) edozein dela ere. Eskubidea ren titulartasunak legebidezkotasun gradurik altuena izatea dakar eta, ondorioz, eskubideen titularrak nahitaezko interesatuak izango dira beti.