214
RAMON PARADA
2. ADMINISTRAZIO PROZEDURAREN ARAUKETA Espainiako 1889ko urriaren 19ko Legeak —administrazio prozedurari buruz ezagutzen den lehenengoa, esan dugunez— oinarri batzuk ezarri zituen ministerio guztietako egoitza nagusien eta probintzietako egoitzen prozedurari buruzko araudia eraentzeko. Horretarako, hauxe arautu zuen: agirien sarrera erregistratzea, aurkeztutako agirien laburpenak egitea, ebazpen proposamenak prestatzea, txostenak egitea, epeak luzatzea, erabakiak ondore betearazlea izatea, prozeduraren iraupena eta iraungitasuna, gaiak bideratze ko hurrenkera, entzunaldi printzipioa, jakinarazpenak, gorabidezko eta aparteko errekurtsoak, kexako errekurtsoa, eta funtzionarioek espedienteak tramitatzearen ondorioz izan ditzaketen erantzukizunak. Ondoren, ministerio sail guztiak euren araudiak ematen joan ziren Oinarri Legea garatzeko; hamarkada batzuk behar izan ziren araudia guztiz garatzeko, ze prozedurari buruzko lehenengo araudiak 1890eko uztailaren 17an onetsi ziren Justizia eta Kanpo Arazoetarako ministerioetarako eta, lege horrexetan oinarrituta, 1947ko urtarrilaren 31ko Dekretuak onetsi egin zuen Barne Ministerioko Prozedurari buruzko Araudia. Hala ere, Legea araudi bidez garatzeak hainbat arauketa sortu zituen eta horietariko asko ezin izan ziren bidezkotu. Aniztasun horren ondorioz, prozedurari buruzko arauak bateratzearen aldeko joera sortu zen, eta 1958ko urriaren 17ko Legeak bateratu zituen, Italiako legegintza proiektuetan oinarrituta; proiektu horiek eztabaidatu ere ez ziren egin bertako ganbara legegileetan. Administrazio Prozedurari buruzko 1958ko Legearen edukia ikusita, esan daiteke ez zituela prozedurari buruzko gaiak bakarrik jorratu; izan ere, auzibide eta prozedurako aspektuak ezezik (hasiera, antolamendua, instrukzioa, amaiera, betearazketa, epeak eta epemugak, informazioa, agiriak, agirien jasoketa eta erregistroa), beste zenbait gauza ere jorratu zituen: gobernu bideko sistema bermatzailea arautu zuen (Administrazioaren ariozko berrikuspena, administrazio errekurtsoak eta lan zein judizio bidearen aurretiazko erreklamazioak), administrazio organoei buruzko arauketa orokorra ezarri (eskumenaren ukaezintasuna, eskuordetza, galdekapen edo abokazioa, kidego organoen jardunbidea, eratxikipen gatazkak, abstentzioa eta ezespena), administrazio egintzen eraentza juridikoa zehaztu (betekizunak, eragingarritasuna, baliogabetasuna, betearazketa), eta zenbait prozedura berezi diseinatu zituen (xedapen orokorrak prestatzeko prozedura, prozedura zehatzailea etab.). Lege horrek leku garrantzitsua izan zuen Administrazio zuzenbidean, eduki garrantzitsuak baitzituen. Gainera, oinarrizko arau bihurtu zen autonomietako Zuzenbidean, Konstituzioaren 149.1.18. artikuluak dioenaren arabera; artikulu horrek eskumen esklusiboa eman dio Estatuari ondokoari buruz: «herri