ADMINISTRAZIO EGINTZEN BALIOGABETASUNA, DEUSEZTASUNA...
209
Espainiako Zuzenbidean, berriz, Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoari egin beharko zaio kasu; lege horrek, epe zehatza ezartzen ez badu ere, debekatu egiten du berrikuste ahalmenak egikaritzea, ekitatearen nahiz norbanakoen eskubidearen aurkakoa denean, bai akzioa preskribatu delako, bai denbora igaro delako, eta bai antzeko beste inguruabarren bat gertatu delako ere.
9. IDAZKETA ETA ZENBAKETAKO OKERRAK ZUZENTZEA Administrazio egintzak, beste edozein egintza juridikok bezala, izan dezake okerren bat. Okerrak, atzipenak bezala, errealitatea den moduan ez ulertzea dakar. Atzipenaren kasuan, gainontzekoren batek sortaraziko du ulertze faltsu hori, baina egintzan dituen ondoreak —atzipenak sor dezakeen erantzukizun zibil edo penala alde batera utzita— berdinak izango dira: egintza deuseztatu egingo da. Egitatezko okerraren ondorioz, egitatea edo kasua txarto ulertzen da eta, gero, administrazio ahalgoa kasu horrexeri aplikatzen zaio. Zuzenbidezko okerrak ere egintza deuseztatzea dakar (esate baterako, indargabeturiko arauren bat aplikatzen denean), ze oker horren ondorioz, ez da behar bezala aplikatuko antolamendu juridikoa; eta, araua deuseztatzeari dagokionez, berdin dio, urratze hori oker baten ondorio izatea edo agintari edo funtzionarioak nahita egitea. Ondorioz, zuzenak izango dira oker mota biak aipatu eta bientzat deuseztatzea ezartzen duten arauketak, esate baterako, Lurzoruari buruzko lehengo Legearen 172. artikulua —indarreko testuak ez du jasotzen (264. art.)— («lizentzia edo betearazketaagindua oker emanda dagoela egiaztatzen bada, Korporazio edo agintari eskudunak deuseztatu egin ahal izango du»), edo Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko 1955eko Araudiaren 16. artikulua («oker ematen direnean, lizentziak deuseztatu egin ahal izango dira, eta gauzak hasierako egoerara itzuliko dira»). Edozein kasutan ere, oker bi horiek, egitatezkoak eta Zuzenbidezkoak, Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Admnistrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 63. artikuluak ezarritako deuseztakortasuna sortarazten duten akatsak dira. Hori dela eta, okerra duten egintzak deuseztatzeko, Administrazioak deuseztapenerako ezarrita dagoen prozedurari jarraitu beharko dio, lehen aztertutakoaren arabera. Baina, egitatezko edo Zuzenbidezko okerra ezezik, badago beste kasu motelago bat ere; kasu hori egintzaren adierazpena edo formalizazioa egitean sortzen da, eta idazketa eta zenbaketa okerra izena ematen zaio; Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 105. artikuluak oker horixe bakarrik aipatzen du —baina