ADMINISTRAZIO EGINTZEN BALIOGABETASUNA, DEUSEZTASUNA...
205
D) Deusestasun adierazpenaren mugak eta ondoreak Egintza batek, baliogabea izanda ere —hau da, Zuzenbide osokoa edo deuseztakorra—, ez du baliogabetua izan beharrik derrigorrez, ze egintza antolamendu juridikora moldatzean, beharbada, konpondu nahi den legezaurkakotasunarena baino egoera txarragoa sortuko da. Hori dela eta, komeni da baliogabetzeko ahalgoa baretzea oinarrizko baldintza batzuk ezarriz; horrela, ez da sortuko konpondu nahi dena baino egoera larriagorik. ZANOBINIk ohartarazten duen moduan, deuseztatzeak ezin dezake sortu «una turbativa dell’ordine giuridico piú grave di quella cagionata dalla persistenza dell’actto viziato». Ondorioz, Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak —Administrazio Prozedurari buruzko 1958ko Legearen 112. art. hartuta— muga orokor batzuk ezartzen dizkie deustatze eta ezeztatze ahalmenei, eta hauxe dio: «Ezin izango dira ahalmen horiek egikaritu, akzioak preskribatu, denbora igaro edota beste inguruabar batzuk direla eta, euren egikaritza ekitate, norbanakoen eskubide edo legeen aurkakoa denean» (106. art.). Deuseztatzeak aurrera jarraitzen duenean, kontutan izan beharko dira gerta daitezkeen baliogabetze ondoreak, bai aintzatetsitako eskubideentzakoak eta bai egindako prestazioentzakoak. Espainiako Legeak ez ditu arazo horiek konpontzen; bai, ordea, Alemaniako Prozedurari buruzko Legeak. Deuseztatzen zen egintzak jarduerak egikaritzeko edota prestazio bakarrak nahiz aldizkakoak jasotzeko eskubideak aintzatetsiz gero, aurrerantzean eskuespenik ez izateko edo emandako prestazioak itzultzeko, beharrezkoa izango da eskubide horien titularrak egintza baliozkoa delako onustea izatea, eta konfiantza hori babesteko modukoa izatea, Alemaniako Legeak dioen bezala; ez du balio izango egintza titularrak berak sortarazi badu, gezurra, mehatxua edo funtzionarioeroskeria, ezta informazio faltsuak edo ez osoak erabiltzen baditu edota egintzaren legezaurkakotasuna ezagutzen badu ere (48. art.). Espainiako Zuzenbidean ere soluzio horixe aplika daiteke, Kode Zibilean araututakoaren analogiaz. Kode horretan kontratuak deuseztatzearen ondorioak arautzen dira, onustea eta errurik eza prestazioak itzultzeko irizpide erabakiorrak direnean. (1300.etik 1314.erako art.ak). 2.187/1978 Errege dekretuak onetsitako Hirigintza Arauak Betearazteari buruzko Araudiaren 37 eta 38. artikuluek soluzio horixe ezartzen dute hirigintza lizentziak deuseztatzerakoan ere («Administrazioaren erantzukizunari buruzko arauen arabera zehaztuko da administrazio bidean edo Administrazioarekiko auzibidean lizentziak deuseztatzearen ondoriozko kalteordaina ematen den ala ez. Ezin izango da