198
RAMON PARADA
jo beharra zuen, eta egintza baliozkoa zen epaileak deuseza zela adierazi arte. Behin betiko epaiei aplikatzen zaien printzipio bera da (Epai Botereari buruzko Lege Organikoaren 340. art.). Azken finean, administrazio egintzak, epaiek bezala, norbanakoei ezarri ahal izateko «pribilegioa» badu, itxura batean behintzat, berak ere bere burua ezeztatzeko mugak jasan beharko ditu. Beraz, beharrezkoa da beste jurisdikzio batera jotzea, epailearengana alegia, «kaltegarritasun auzibide» deitu izan dena erabilita. Administrazioarekiko auzibide sistema sortu zenean, kaltegarritasun auzibidearen bide horixe zen Administrazioak erabil zezakeen bakarra; gero, Administrazio Prozedurari buruzko 1958ko Legeak egintzaren sortzailea zen Administrazioari berari aintzatetsi zion egintza deuseztatzeko ahalgo zuzena, baina horretarako, administrazio horrek Estatu Kontseiluak deuseztasunaren aldeko irizpena ematea behar zuen; horrela, gutxitu egin zuen kaltegarritasun auzibidearen erabilkortasuna, baina Administrazioaren ekimenera zabalik iraun zuen. Azkenik, hirugarren fasean, oraingoan alegia, Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak aukera gehiago eman zizkion Administrazioari egintzak bere kabuz deuseztatzeko, ondokoa ezarri zuenean: Estatu Kontseiluaren irizpena ez zela loteslea egintza deuseztakorrak deuseztatzean. Gainera, Estatu Kontseiluak eginkizun horren monopolioa galdu zuen, ze autonomi erkidegoetan zeuden antzeko kontsultarako erakundeek eskuratu zuten ere eginkizun hori; erraztasun horiek ikusita, kaltegarritasun auzibideak, oraindik ere irekia den arren, gutxitu egiten du bere erabilkortasuna, hots, baztertuta gelditzen da.
A) Kaltegarritasun auzibidearen monopolioa egintza adierazleak deuseztatzeko eta monopolio horren hutsalketa Eskubideak adierazten zituzten administrazio egintzak deuseztatzeko bide bakar moduan, kaltegarritasun auzibidea Administrazioarekiko auzibide jurisdikzioari buruzko 1956 Legeraino heldu zen: «egintzaren bat burutzen duen Administrazioak —dio orain 56. art.ak— egintza horren deuseztasuna Administrazioarekiko auzibide jurisdikzioan eskatu nahi duenean, lehenengo kaltegarritzat jo beharko du, herri interes ekonomikoetarako zein beste edozein motatakoetarako, eta lau urteko epearen barruan egin beharko du, egintza eman den egunean zenbatzen hasita». Teknika hori Administrazioarekiko auzibideetarako 1845ean ezarri zen diseinuan oinarritzen da; diseinu horrek, Errege Kontseiluaren (1845eko uztailaren 6ko Legea eta irailaren 22ko zein 1846ko abenduaren 30eko errege dekretuak) eta Probintzi Kontseiluen (1945eko apirilaren 2ko Legea eta urriaren 1eko