190
RAMON PARADA
legearen aurkakoak direnak argi eta garbi, eta eskugabezia nabariaz hartutakoak ere bai (8.3. art.). Baina, lehenago esan den moduan, arauzko araudietan tipifikaturiko kasuak ere badaude, esaterako, Estatuaren Kontratuei buruzko Araudiaren 41 eta ondorengo artikuluekin gertatzen den bezala; hala ere, ulertu beharra dago lege erreserbaren printzipioak, lehen beza la orain ere, galarazi egiten duela erabateko deuseztasunak bide hori erabilita egituratzea. Hala eta guztiz ere, Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 62.1.g) artikuluak arazo bat azaltzen du «legeren batek beren beregi ezartzen duen beste edozein egintza» aipatzen duenean: Estatuko legeek ezezik, autonomi erkidegoetakoek ere ezar ditzakete Zuzenbide osoko deuseztasun kasuak eta, horrenbestez, kasuankasuko legegilearen irizpideak adieraziko du, aurrerantzean, Zuzenbide osoko deuseztasunaren eta deuseztakortasunaren arteko muga.
H) Administrazio xedapenen erabateko deuseztasuna Aurrerago esan denez, araudiei aplikatu ahal zaien baliogabetasun gradua, orokorrean, Zuzenbide osoko deuseztasuna da; izan ere, egintzen Zuzenbide osoko deuseztasuna dakarten kari edo kasuei ere beste zenbait kasu gehitzen zaizkie: administrazio xedapenak Konstituzioa, legeak edo goragoko lerruna duten beste zenbait xedapen urratzea; legearenak diren gaiak arautzea; eta norbanakoen eskubideen aldekoak ez diren xedapen zehatzaileen atzeraeragintasuna ezartzea (62.2. art.). Legeak araudiarentzat ezartzen duen gogortasun edo zurruntasun horrek badu azalpenik ere: araudi baliogabea aplikatuz gero, administrazio egintza asko eta asko sortuko lirateke eta, jakina, ez lukete baliorik izango.
4. ZUZENBIDE OSOKO DEUSEZTASUNAREN PRESKRIBAEZINTASUNA Ikusi denaren arabera, Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak oso zehatz aipatzen ditu deuseztasun eta deuseztakortasun kasuak, baina ez du ezer esaten baliogabetasun kategoria horiei lotzen zaizkien ondoreei buruz. Arazo garrantzitsu hori konpondu barik gelditzen da; hortaz, legearen zeharkako xehetasunetara eta doktrina nahiz jurisprudentziaren iritzietara jotzen da halakoetan. Izan ere, lege horren artikuluen bitartez, Zuzenbide osoko egintza deusezaren eta deuseztakorraren arteko desberdintasun batzuk atera daitezke, esate baterako: