18
RAMON PARADA
edukiz egintza eta formaz lege diren dekretuak), eta hori Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela; hain zuzen ere, egintza horiek lege itxura dutenez, Administrazioarekiko auzibide jurisdikzioak ezin izaten ditu kontrolatu eta, ondorioz, hautsi egiten da Konstituzioaren 24. artikulua, epaileen benetako babesa izateko eskubidea aintzatesten duena hain zuzen. Batzuetan, Konstituzioak berak agintzen die Gorteei edukiz administrazio egintza direnak emateko, zenbait kargu instituzional izendatzeko adibidez (Epai Boterearen Kontseilu Nagusiko kontseilariak, Konstituzio Auzitegiko magistratuak, Herriaren Defendatzailea etab.); baina hemen, konstituzioaurkakotasuna aipatzen dugunean, ez gara kasu horietaz ari, organo legegileek eurek onetsitako egintzez baizik. Sarritan, lege organiko edo arrunten bidez organook euren buruei eratxikitako eskumena erabilita onesten dituzte egintzak —esaterako, Unibertsitate pribatuak baimendu nahiz ezeztatzen dituztenean (Unibertsitatea Eraldatzeari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 58. art.), edota parke natural izendatzen dutenean tokiren bat (martxoaren 27ko 4/1989 Legearen 18. art.)—; beste batzuetan, ordea, lege bat eman eta administrazio egintzaren ohiko edukia ordezten dute Gorteek zein eskualdeetako parlamentuek (Rumasaren desjabetzapenari buruzko ekainaren 29ko 7/1983 Legea).
5. ADMINISTRAZIOA ETA EPAILEAK Administrazioak Epai Boterearekin eta Legegintza Boterearekin dituen harremanak alderantzizko bilakaera izan dute, eta Administrazioak epaileekin zuen egoera askoz ere sendoagoa zen konstituzionalismoa sortu zenean orain baino. Izan ere, eta oraindik ere epaile gisako hainbat botere garrantzitsu dituen arren (zehatze edo santzio ahalgoa, tartekaritza ahalgoa eta bete beharreko erabakiaren pribilegioa), Administrazioak auzitegiekin dituen harremanek dagoeneko ez dute konstituzionalismoa sortzean zuten nagusikeria aidea, Frantziako Iraultzak auzitegiekin izan zuen etsaikeriak sortua; auzitegi horiek Errege Administrazioak egin nahi izan zituen eraldaketa aurrerakoien aurka agertu ziren Erregimen Zaharreko Parlamentu Judizialetatik zetozen. Antolaketa Judizialari buruzko 1790eko abuztuaren 16ko eta 24ko Legearen 13. artikulu ospetsua ezinikusi horren ondorio da. Lege horrek administra zio eginkizunaren independentzi printzipioa ezartzen du eta Administrazio egintzak, edozein motatakoak direla ere, ez dituzte epaileen esku uzten («les fonctions judiciaires sont et demeuront toujours séparées des fonctions administratives. Les juges ne pourront, à peine de fourfaiture, troubler de quelque maniere que se soit les operations des corps administratifs, ni citer devant