ADMINISTRAZIO EGINTZEN BALIOGABETASUNA, DEUSEZTASUNA...
185
C) Ezinezko edukia duten egintzak Ezinezko edukia duten egintzen kasuak doktrinaren arrazoinamendu logikoen ondorio dira, eta ez jurisprudentziak ebatzitako benetako esperientziena; izan ere, jurisprudentziak ez du beti ondo erabili kontzeptu hori erabateko deuseztasuna adierazteko. Horrela, eta egintzen edukiak pertsonak, objektu materialak eta egoera juridikoa aipa ditzakeela jota, sustratu pertsonalik ez egotearen ondoriozko ezintasuna aipatzen da (hildakoren bat funtzionario izendatzea); oinarri materialik ez egotearen ondoriozkoa ere aipatu egiten da, esaterako, egintzak agintzen duena betetzea ezinezkoa denean gaia edo teknikaren aldetik; eta oinarri juridikorik ez egotearen ondoriozkoa ere bai, adibidez, deuseztaturik dagoen administrazio egintza ezeztatzea (SANTAMARÍA). Bestalde, Auzitegi Gorenak (gutxitan izan du kasu horri deritzona azaltzeko aukera) Kode Zibilaren 1272. artikuluarekin parekatzen du kontzeptu hori. Artikulu horrek kontratuen helburuez ari denean dioenez, «ezinezko gauza nahiz zerbitzuak» ezin izango dira helburua izan (1981eko ekainaren 3ko epaia). Gainera, administrazio egintzen eduki ezintasuna berezkoa, fisikoa eta benetakoa izan behar dela dio, honako argudio hau erabilita: ezintasun juridikoa Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 48. artikuluak (gaur Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 63. art.) eta Administrazioarekiko Auzibide Jurisdikzioaren 83.3.ak aipatzen duten legezaurkakotasuna da (1978ko ekainaren 3ko eta 1984ko martxoaren 27ko epaiak). Beste batzue tan, egintza anbiguo edo ulertezinarekin parekatu du ezinezko edukia duen egintza, hau da, betearazi ezin daitekeen egintzarekin (1981eko azaroaren 6ko epaia).
D) Zigor urratzeak diren egintzak edo zigor urratzearen ondorioz egindakoak Idazati honetan, agintariak edota funtzionarioak administrazio egintza ematean egin ditzaketen delituez ari gara, noski, ze Administrazioa pertsona juridikoa da eta, horrenbestez, ezin daiteke delituzko jokabideen subjektu aktiboa izan. Bestalde, delitu den egintzaren kontzeptuaren barruan jokabidearen zigor hobendatze edo inkriminazio guztiak sartu behar dira, beraz, faltak ere bai. Edozein kasutan ere, Zigor Kodeak edo zigor lege bereziek