ADMINISTRAZIO EGINTZEN BALIOGABETASUNA, DEUSEZTASUNA...
183
horretatik begiratuta, eskubide baten oinarrizko edukia eskubide hori ezagutzea ahalbideratzen duten ahalmen edo jarduketa aukerek osatzen dute; halako ahalmen eta aukerarik gabe, eskubidea hutsalduta gelditu eta, agian, beste era bateko eskubide bihurtuko litzateke. Hala eta guztiz ere, Auzitegiak dioenez, arakatze abstraktu horrek «kasuan kasu aztertzen den une historikoa eta gizarte demokratikoetako berezko baldintzak kontutan hartuta adierazi beharko da». Bide hori osatzeko, beste bat erabili behar da. Bigarren bide hori Zuzenbidea sortarazten duten interes juridiko babestuak aurkitzean datza. Horrela, eskubidea gauzatu ezin izateko beste muga jartzen dire nean (egikaritza hori larregi zailduz edota behar duen babesa kenduz), eskubide horren edukia gainezkatu dela ulertzen da (Konstituzio Auzitegiaren apirilaren 8ko 11/1981, martxoaren 26ko 37/1987 eta abenduaren 11ko 196/1987 epaiak). Aurrekoa antolamendu juridikoaren edukizko urratzea da, eta ez formazkoa, Zuzenbide osoko deuseztasuna eragiten duten beste akats guztiak bezala. Kasu hori eskubidearen oinarrizko edukia kaltetzen duten egintzen artean sartzeak kategoria hori nolabait hutsaltzea dakar, ze izategabetasunaren pareko edota, behintzat, bertatik oso hurbil zegoen kategoriatzat egituratuta zegoen. Bide material hori erabilita, nahikotxo zabalduko da Zuzenbide osoko deuseztasunaren aipamena; horrek eragina izango du, 62/1978 Legeak Administrazioarekiko auzibide errekurtso berezia jartzeko ezartzen duen luzaezinezko epean, eta gauza bera esan daiteke Administrazioarekiko auzibide errekurtso arruntari eta babes errekurtsoari buruz; horiek ere zalantzan eta baliorik gabe geldituko dira errekurtsoaren arrazoia oinarrizko eskubide edo askatasunen bat urratzea denean. Horrek Auzitegi Gorenaren doktrina zuzentzea ekarriko du; izan ere, doktrina horrek, eskubide eta askatasun horiek iraunkor eta ezinbestekoak direla dioen arren, ez dio preskribaezintasun bera aintzatesten kasu zehatz bakoitzean egikaritzeko akzioari (Sala Berrikuslearen 1980ko otsailaren 4ko epaia). Beraz, legearen eraldaketa horrek akzioaren preskribaezintasuna ukitzen du, eta, horrenbestez, Administrazioarekiko auzibide errekurtsoak jartzeko epeak ere bai; izan ere, Konstituzio Auzitegiak adierazita dauka, nolabait, eraldaketa egiteko aukera hori: «bai segurtasun juridikorako eta bai besteen eskubideak babestea bermatzeko, legegileak preskripzio epe batzuk ezar ditzake urratze zehatzen aurka erabil daitezkeen akzioetarako» (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 13/1983, urtarrilaren 28ko 10/1985 eta otsailaren 15/1985 epaiak)
B) Gaia eta lurraldea direla eta, eskugabea agerian den organoak emandako egintzak