Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 181

ADMINISTRAZIO EGINTZEN BALIOGABETASUNA, DEUSEZTASUNA...

181

Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean gertatzen den bezala; eta bestetik, deuseztasuna auzibidean egikaritzeko erraztasunak emateko, bai deuseztasun hori adierazteko Administrazioak bere ariozko ahalmenik ez duenean, bai akzioa preskribatu egin daitekeela jotzen denean. Horrela, Frantziako jurisprudentziak Zuzenbide osoko deuseztasunaren kategoria erabili izan duen antzera erabili du izategabekotasunaren kategoria ere. Horrekin galarazi egin du administrazio egintza izenez baino ez den jarduketa hori eragingarria izatea; bestalde, auzibidezko epe iheskorrak direla eta, oztopatu egin du administrazio egintzaren irregulartasunik handienak zigortu barik gelditzea ere. Frantziako Zuzenbidean izategabekotasunaren kategoriak badu beste alde onik ere, alegia, izategabetasuna azter daitekeela, bai jurisdikzio arruntean, bai administrazio jurisdikzioan (voie de faitaren esparruan); horrela, salbuespena egiten zaio legez aurkako egintzak deuseztatzeko ahalmena epaileari bakarrik dagokiola dioen printzipio orokorrari. Edozein kasutan ere, bistan dago erabateko deuseztasunaren antzekoa dela, eta ez horren gainetik dagoen baliogabetasun kategoria, ze Frantzian ez dago Espainiako Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean agertzen den arauketaren antzekorik. Espainiako jurisprudentziako epai batzuek diotenaren arabera, ezin daiteke onartu egintza izategabekorik dagoenik eta «egintza izategabekoek ondoreak dituztenik, nahiz eta administrazio edo epailearen adierazpenik ez egon» (1979ko maiatzaren 29ko epaia). Beste zenbait epaik (Italia eta Frantziako jurisprudentzietan gertatzen den moduan), berriz, egintza izategabea egintza deusezarekin parekatzen dute eskugabezia nabaria dagoen kasuetan (1981eko maiatzaren 11ko epaia); hala ere, epai horiek ez dute eraentza juridiko berezirik ezartzen, hau da, ez dute Zuzenbide osoko deuseztasuna baino goragokoa den beste baliogabetasun gradurik —hirugarrena— ezartzen (1981eko martxoaren 4ko eta 1983ko azaroaren 21eko epaiak).

3. ZUZENBIDE OSOKO DEUSEZTASUNA. LEGEAK AIPATZEN DITUEN KASUEN AZTERKETA Lehenago esan denez, Zuzenbide osoko deuseztasuna duen egintzak akats oso larriren bat dauka eta, horrenbestez, ez du ondorerik sortu behar; sortzekotan ere, edozein unetan deusezta daiteke, eta ezin izango da alegatu ongitu egin dela edota denbora igaro dela. Geroago ikusiko dugunez, jurisprudentziaren bertsioak asko erlatibizatuko du Zuzenbide osoko egintza deusezaren ereduzko bertsio hori.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1) by elkarmedia - Issuu