166
RAMON PARADA
premiamendu probidentziarik ez egitea (Zergei buruzko Lege Orokorraren 137. art.). Behin hasitakoan, premiamendu prozeduraren tramitazioa kasu bitan bakarrik eten daiteke: a) ordainketa egin edota zorra ordaintzeko, banketxe abal nahikoa erabili edota beraren zenbatekoa Gordailuen Kutxa Nagusian jartzen bada; b) «erreklamazioa egiten bada jabari gainontzekotza edo beste akzio zibilen bat erabilita, eten egingo da premiamendu prozedura hizkamizkadun eskubide nahiz ondasunei dagokienez, baina lehenengo enbargatu eta, beharrezkoa izango balitz, aurrearretazko idaztoharra egin beharko da herri erregistro egokian” (Zergei buruzko Lege Orokorraren 136. art.). Kreditua segurtatzea oinarrizko tramitea da. Horretarako, behar den beste ondasun enbargatu beharko da zorra osorik eta hasierako egintzaren ondoren eragiten diren edota eragin daitezkeen errekargu eta kostuak ordaintzeko. Ondasun higikorrak direnean, errekargu eta kostu horiek zordunaren egoitzan sartzea ekar dezakete; halakoetan, beharrezkoa izango da epaileak eskuespena ematea lehen azaldu denaren arabera. Higiezinetarako, Jabetza Erregistroan aurrearretazko idaztoharra idatziz egiten da enbargoa. Epaile zibilak burutzen duen jabari gainontzekotzaren bidezko erreklamaziorik gertatu ezean, enbargatutako ondasunen enkantea jendaurrean eginaz bukatzen da prozedura. Ondasun higiezinak, bata bestearen atzeko enkante bi eginda ere besterenganatzen ez badira, Ogasunari adjudikatu ahal izango zaizkio bete gabeko kredituaren ordainketatzat (Zergei buruzko Lege Orokorraren 134. art.).
10. ISUN HERTSAGARRIA Betearazteko bide hori isunak behin eta berriro ezartzean datza, betearazi nahi den administrazio egintzaren agindua betetzera derrigortu arte. Alemaniako Zuzenbidetik ekarritako teknika da; Zuzenbide horrek zigor betearazle izena ematen die isun hertsagarriei. «Agindu ofizialak ez betetze”aren deliturik ez egotea konpentsatzeko sortu ziren, eta, oro har, zigor sistemak Administrazio zuzenbidearen hertsatze bide legez izan ohi duen ezgaitasuna betetzeko, zenbait administrazio hausteri buruzko zehapen batzuk egon arren. Gabezia hori bi modutara konpondu zen: a) administrazio agintariei gobernu eta zergei buruzko hausteak zigortzeko ahalgoa emanez, baina Administrazioari epailearen eginkizunak esleitzen zitzaizkiola jakinda; b) zigor betearazle edo hertsagarriaren teknikaren bidez eragingarri izan ezean, denbora mugagabeko atzipenarekin ordeztuz (FLEINER). Alemaniako ereduari jarraituz, isun hertsagarriaren arauketak Zigor zuzenbideko isunei dagokienez dituen desberdintasunak nabarmentzen ditu; isun