ADMINISTRAZIO EGINTZEN ERAGINGARRITASUNA ETA BETEARAZKETA
155
izango dute zordunen ondasun eta eskubideen aurka egiteko. Auzibidezko arazo horiek ezin izango dira gauzatu likidaturikoa Herri Altxorreko kutxetan ordaindu edo jartzen ez den bitarteanÂť. Bestalde, Administrazioaren jarduketa betearazlearen babesa oso arin ezarriko da, eta, tresna bi erabiliko dira horretarako: Administrazioaren aurka horrek egindako eragozpen, enbargo eta ondasun higiezinen betearazpenak direla eta, interdiktuak jartzeko debekua (1839ko maiatzaren 8ko, 1841eko apirilaren 26ko eta 1843ko ekainaren 8ko aginduak), eta Administrazioak bakarrik ezar zezakeen gatazka sistema. Sistema horrek ahalmena zuen Administrazioaren betearazketaren aurka zihoan epailearen ekintza berehala geldiarazteko. Herri ondasunak babestean ere, nagusitu egingo da administrazio egintzen betearazketa: norbanakoren batek bidegabe duen edukitzaren aurka berezko interdiktua eta herri jabariko ondasunak Administrazioak bere arioz berreskuratu ahal izango ditu edozein momentutan, lan honetako II. liburukian aztertzen den bezala.
6. EPAILEAREN LAGUNTZA ADMINISTRAZIO EGINTZAK BETEARAZTEKO Ikusi dugunez, Frantzia eta Ingalaterrako zuzenbideetan, administrazio probidentziak judizio bidez betearaztea da arau orokorra, eta horrek badu alde onik ere: betearazi baino lehen, Administrazioaren ahalmen edo eskumenen kontrola gertatzen dela; eta, oro har, administrazio egintzaren erregulartasunarena ere bai. Espainiako Zuzenbidean, aldiz, esan daiteke zigor judizio sistemak bere erabateko eragingabetasuna erakutsi zuela gutxira, bai Administrazioaren legeak zein araudiak babesteko, bai horiek aplikatzean emandako egintzak babesteko ere; hala ere, administrazio jardueraren eta Administrazioko agintarien probidentziak babesteko zenbait jarrera zigortzen ziren Zigor Kodean, esaterako: a) Agintariari edo beraren agenteei kontra egitea euren karguaren eginkizunak egikaritzean (237. art.). b) Materia, ondore, produktu, eta abereen —edo beste edozein merkatugai mota— sustantzia, kalitate, kantitate edo denborari dagokionez, Gobernuak berariaz emandako aginduak ez betetzea ondoko arloetan: fabrikazio, eraldaketa, hornidura, eskuratze, garraio, inportazio edo esportazioan (238. art.). c) Agintariak ematen dituen agindu bereziak guztiz ez betetzea; ez betetze hori falta izango da (570.5. art.).