ADMINISTRAZIO EGINTZEN ERAGINGARRITASUNA ETA BETEARAZKETA
151
zordunaren ondasunei egindako betearazketa, sorospidezko betearazpena, pertsonei egindako hertsaketa eta isun hertsagarriak. Bide horiek guztiak administrazio jurisdikzioak kontrolatzen ditu. Zigor Kodearen 650. artikuluan oinarrituriko zenbait zigorrek indartzen dute Administrazio egintzak betearazteko sistema buruaski hori ere; artikulu horrek dioenez, justizi, segurtasun edo ordena publikoari buruzko arrazoiak direla eta, agintariak legez egindako agindua betetzen ez duten pertsonei atzipen zigorra edo isuna ezarriko zaie. Zigor epaileak, jakina, egiaztatu egin beharko du, judizio egokia eginda, bete gabe utzi den administrazio egintzaren legezkotasuna, Frantziako Zuzenbidean bezala, eta berari dagokion jurisdikzio osotasunaren printzipio berdinberdina dela bide. Hala ere, eta Frantziako Zuzenbidean ez bezala, zigor hertsaketa egoteak eta bide horretatik betearazteko aukerak ez dute galarazten Administrazioak bere bideak erabilita egintzak betearaztea.
5. BETE BEHARREKO ERABAKIAREN PRIBILEGIOAK ESPAINIAKO ZUZENBIDEAN DUEN ERAKETA HISTORIKOA Administrazio egintzen betearazketak Espainiako Zuzenbidean izan duen bilakaeran, nabari da joera bi bizi izan direla elkarrekin: bata liberala, betearazketa epailearen eginkizunarekin identifikatu eta betearazte materiala baino lehen prozesu egokia behar duena; eta bestea, berriz, agintekeriazkoa, Administrazioa (batez ere Ogasun Saila) egintzak betearazteko buruaskia dela dioena, ez duela behar epailearen eskuhartzerik alegia. Lehenengo jarrerari dagokion formula klasikoa, 1371n Enrike II.ak Toron emandako Legean aurkitzen dugu (II. legea, Bilduma berriberriaren XI. liburuko XXXIV. titulua). Lege hori benetako erlikia demokratikoa da, eta bertan, edukitza kentzeko judizioa deiturikoaren arauketaren bidez, bete beharreko erabakiaren pribilegioa ukatzen zaie erregeren beraren aginduei ere, aldez aurreko judizio egokia izan ez dutela eta balio judizialik ez dutela uler daitekeenean: «que ningún alcalde, ni juez, ni persona privada sea osado de despojar de su posesión a persona alguna, sin primeramente ser llamado y oído y vencido por Derecho; y si paresciere carta nuestra, por la que demandáramos dar la posesión que no tenga a otro, y tal carta fuere sin audiencia, que sea obedescida y no cumplida». Hala ere, betearazpena sumarioei (esaterako, administrazio egintzen betearazketa zuzenei) aurre egiteko epaileen benetako babesa bermatzen duen printzipioaren formulazio dotore hori ez zen, antza denez, beti aplikatzen Antzinako Erregimenean, batez ere, Errege Ogasunaren jarduerari zegokionez. Hor, gobernu probidentziak judizio formalitate barik betearaztera, «por