138
RAMON PARADA
lizentziak ematean eskabide eta ebazpenaren artean plangintza aldatzen denean, hasieran indarrean zegoen araua aplikatuz (1981eko otsailaren 2ko epaia); eta erabakita dauden lehiaketak berrikustean, baldin eta aurretiaz kitatu behar zen diziplina faltaren bat lehiakideren baten merezimenduen kontrakotzat hartu bada (1985eko irailaren 27ko eta 1987ko martxoaren 24ko epaiak).
2. ADMINISTRAZIO EGINTZA BALIOZKOA DELAKO PRESUNTZIOA Sortzean oinarrizko osagai guztiak dituenean burutzen da administrazio egintza eta, azaldu denaren arabera, aldi baterako eragingarritasuna du. Baina, gainera, administrazio egintzari baliozkoa delako presuntzioa eratxikitzen zaio eta, horri esker, egintza sortu duen Administrazioak ez du inolako prozesu adierazlerik bete behar norbaitek, edozein auzialditan, egintza zalantzan jarri edota baliogabetu nahi izanez gero. Horrela, egintza juridiko pribatuak deuseztzat jotzen direnean, epaileari baliozkotu egin behar zaizkiola esaten da, eta administrazio egintzak, ostera, deusezak izanda ere, baliozkotzat jotzen direla, deuseztasun hori Administrazioak edo epaileak adierazten ez duen bitartean. Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 57.1. artikuluak ere administrazio egintzen ondore berezi hori aipatzen du; artikulu horrek dioenez: «Administrazioaren egintzek eman diren egunetik izango dute balioa eta ordutik aurrera sortuko dituzte ondoreak, euretan besterik xedatu ezean». Auzitegi Gorenak «legezkoak direlako presuntzioa» dutela esanez izendatzen du administrazio egintzen ezaugarri hori —baita, baliozkoak direlako presuntzioa edo «legebidezkoak direlako presuntzioa» espresioa erabilita ere—, eta horrekin esan nahi du Administrazioaren jarduera berez Zuzenbidera egokitzen dela; «betearaztasun» edo «ejekutibitate» terminoa —doktrinaren sektore batentzat, baliozkoak direlako presuntzioaren sinonimoa bada ere— betearazketa edo ejekutorietate terminoarekin identifikatuko du, gero ikusiko dugunez (1985eko urriaren 25eko eta 1981eko martxoaren 26ko epaiak). Legeriak ere termino nahaste horri laguntzen dio, Toki Araubideari buruzko Oinarri Legeak erakusten duen moduan: lege horrek bereiztu egiten ditu, baina definitu barik, derrigorrezko betearazpenaren ahalgoak eta «egintza eta erabakien legebidezkoak direlako presuntzioa nahiz betearaztasuna» (4. art.). Hala ere, administrazio egintza baliozkoa delako presuntzioa edota, beste era batera esanda, legebidezko nahiz legezkoa delakoa, ez da iure et de iure presuntzioa, iuris tantum presuntzio hutsa baino, hau da, aurkako froga onartzen duena bere baliogabetasuna eztabaidatzen den aurkaratze prozedura zein prozesu guztietan.