12
RAMON PARADA
1. ADMINISTRAZIO ZUZENBIDEAREN KONTZEPTUA Administrazio zuzenbidea zer den zehazteko eginahalean hainbat emaitza aldakor lortu dira; eta beharrezkoa da kontzeptu hori errazteko ahalegina egitea, nahiz eta definizio egineginik, akatsik gabekorik, egon ez, eta kontzeptu hori zehazten saiatzeak gauza berririk argitu ez. ZANOBINIren definizio erraz eta deskribatzailea onartuko dugu: «Administrazio zuzenbidea Zuzenbide publikoaren alde bat da, eta herri administrazioen jardueraren antolaketa, baliabideak eta erak ditu helburu, baita horren ondorioz herri administrazioen eta beste hainbat subjekturen artean sortzen diren harreman juridikoak ere». Izan ere, Herri Administrazioa da administrazio arauen subjektu edo jasotzailea eta, hortaz, arauok ez dira ulertzen, edota ez dute izaterik bera gabe. Baina honek ez dakar herri administrazioek erabili edo osatu ezin izatea administraziokoak ez diren arauek araututako harreman juridikorik, gauza bat arautegi jakin bat erabiltzea baita eta beste bat, oso ezberdina, arautegi hori subjektu jakin bati beti destinatzea edota subjektu horri bakarrik aplikatzekoa izatea. Jabetza nahiz betebehar eta kontratuak arautzen dituzten Zuzenbide pribatuaren arauek, oro har, subjektu juridiko guztiak ukitzen dituzte, pertsona fisikoak zein juridikoak edota herri administrazioak izan; Zuzenbide zibilaren beste hainbat arau pertsona fisikoei zuzentzen zaizkie berez, esaterako, ezkontzari eta familiari buruzkoak. Beraz, subjektu juridiko guztiei zuzendutako hainbat arau daude eta beste hainbat, berriz, subjektu jakin batzuei zuzentzen zaizkienak. Hau Merkataritzako zuzenbidean gertatzen da, subjektu jakin batzuei zuzendutako arauak baititu, merkatariak diren neurrian; edota Lan zuzenbidean, langileen eta langileentzako Zuzenbidetzat sortua; baita Administrazio zuzenbidean ere, herri administrazioen Zuzenbide izateko asmatua. Batzuen zein besteen arauek, arautzen duten harreman motan subjektu kategoria zehatz horiek nahitaez esku hartuko dutela dakarte. Horrela, Administrazio zuzenbidea statusari dagokio, GARCÍA DE ENTERRÍAk deitu duen moduan.
Hau horrela izanik, administrazio arau batek hainbat modutara hartzen du Herri administrazioa jasotzailetzat: Batzuetan, arauaren jasotzaile bakarra Herri Administrazioa da, esaterako, Administrazioaren antolaketa arautzen dutenak. Horiek, eragingarriak izateko eta aplikatzeko, ez dute beste subjekturik egoterik eskatzen. Beste mota bateko hainbat administrazio arau Administrazioak berak bete behar dituenak dira, baina ezin dira aplikatu ez eragingarri bihurtu, baldin eta administratu edo hiritarrak kontutan hartzen ez badira; horrela, esate baterako,