ADMINISTRAZIO EGINTZA. MOTAK ETA OSAGAIAK
123
Bereizketa hori Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 53.2. artikuluan sar daiteke zalantzarik gabe, horrela ulertzen badugu: batetik, legezko kari edo zioa aipatzen duela «egintzen edukia antolamendu juridikoan xedatutakoari egokituko» dela dioenean; eta, bestetik, berezko karia aipatzen duela, arrazoi eta zio zehatzak alegia, eduki hori «euren helburuen arabera zehaztu eta horiei egokituko» zaiela agintzean, eta, horrenbestez, debekatu egiten dituela interes pribatuko zioak administrazio egintzen helburutzat hartzen direnean. Baina manu hori ere Frantziako doktrinari jarraituz interpreta daiteke (GARRIDO), egitatezko baldintzak eta legezko kari edo zio terminoak parekatuz. Azken finean, kari juridikoaren kontzeptua erabilita, administrazio erabaki guztiak aldez aurretik dagoen egitatezko egoera batean bidezkotu nahiz zentsuratu nahi dira, eskumenak egikaritzeko ezinbesteko baldintza edo beharkizun bihurtzen baitu arauak egitate hori. Hori dela eta, epaileak karia kontrolatzen duenean, egitateen zehaztasuna egiaztatu beharko du gehienbat, hau da, legezko zio edo karirik ote dagoen. Horrela, esate baterako, arauak eskatzen badu izurririk egotekotan animalia zehatz batzuk sakrifikatzea, halako osasunegoerarik egoteak baldintzatu egiten du Administrazioak sakrifizio hori agintzeko duen eskumena, eta gauza bera esan daiteke administrazio zehapenen bat bidezkotzen duten egitateei buruz etab. Frantziako jurisprudentziak dioenez, egitatezko baldintzen eraentza juridikoak (legezko zioa edo karia) Administrazioak epaileari erabakiaren zergatiak zehatz eta mehatz azaldu beharra dakar, egintza aurkaratzen denean, nahiz eta formaren aldetik legeak ez agindu betebehar hori. Auzibideetarako epaileak, berriz, akastun egintza baliozkotu dezake, baina horretarako, Administrazioak behar ez bezala aipatutako zioa ezezik, erabaki hori bidezkotzeko balio duen beste benetako bat ere egon beharko da. Soluzio hori Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 65. artikuluan jasota dago: «Deusezak izanda, besteren bat osatzeko osagaiak dituzten egintzak haren ondoreak izango dituzte».
11. ZIOAK ETA AHALMENEN DESBIDERAKETA Kari juridikoa, egitatezko baldintzak edo legezko zioa erabakiaren bidezkotze subjektiboak dira; horretaz gain, badaude arrazoiak ere (berezko karia edo urrunekoa, hau da, zio nahiz helburu zehatza), eta horiek egintzaren egileak nahi duen helburua adierazten dute, hau da, eskumena egikaritzera bultzatzen duten sentimenduak edo nahiak.