Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 122

122

RAMON PARADA

beste zenbaitek agindutakoaren arabera egindako eskuordetza nahiz galdekapen edo abokazio kasuak salbu». Eskumen ezak eskugabezia edo inkonpetentzia akatsa dakar; Espainiako Zuzenbideak dio akats horrek baliogabetasun mota bi sor ditzakeela, Zuzenbide osoko deuseztasuna edo deuseztakortasun hutsa, akatsa larriagoa ala arinagoa izatearen arabera. Larriena, doktrinak erabateko eskugabeziatzat duena, ratione materiae eskumenik eza izango litzateke (esaterako, Hezkuntza ministroak zergaren bat likidatuko balu, edota Ogasunekoak unibertsitateko lizentziatu­agiria luzatu). Lurralde eskumen eza ere erabateko eskugabeziatzat hartzen da (adibidez, Bartzelonako gobernadoreak Gobernu zibilari dagokion erabakiren bat hartzea, baina Zaragozako probintzia ukitzen duena). Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 62.1 b) artikuluak aurreko kasu biak aipatzen ditu; eskugabezia nabari izena eman eta Zuzenbide osoko deuseztasuna sortzen duen akatsa dela dio («gai nahiz lurraldearen arabera, organo eskugabeak emandako egintzak»). Aldiz, eskumen hierarkikorik ez egotea, hasieran behintzat, bakarrik izango litzateke eskugabezia ez nabaria edo erlatiboa, ze baliozkotu egin daiteke legeak berak dioenez: «Deuseztasuna sortzen ez duen eskugabezia bada akatsa, eskudun organoak baliozkotu egin ahal izango du egintza akastuna eman zuena baino gorago dagoenean hierarkian» (67.3. art.).

10. KARIA ETA EGITATEZKO BALDINTZAK Italiako doktrinak administrazio egintzen kari juridiko edo berehalakoa eta berezko karia, urruneko karia edo causa finalis izenekoa, bereizten ditu: lehenengoa kategoria jakin bateko egintza guztien helburu tipikoa da; eta bigarrena, berriz, subjektuak edozein egintza egitean lortu nahi duen helburua. Hori dela eta, kari juridiko edo berehalakoa egintza jakin batzuentzat beti bera bada ere, arrazoiak edo berezko karia era askotakoak izan daitezke. Horrela, emakidaren kasuan adibidez, kari juridiko edo berehalakoa eskubide berria sortzea da, egintzaren jasotzailearentzat, eta urruneko karia, ostera, era askotakoa izan daiteke, esate baterako, herri zerbitzu berria sortzeko aukera, dagoen bat eraginkorragoa bihurtzea, herri jabariko ondasunak hobeto erabiltzea etab. Planteamendu horrek agerian jartzen du negoziatu daitezkeen administrazio egintzetan, egintza pribatuetan ez bezala, biak direla garrantzizkoak beti, bai legezko kari edo kari juridikoa eta bai berezko karia ere (zioak edo arrazoi zehatzak). Egintza, balioa izateko helburu tipiko baten arabera ezezik, zilegia den helburu zehatz baten arabera ere egin behar da, antolamenduak horrela onartzen du eta (ZANOBINI).


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1) by elkarmedia - Issuu