Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 109

ADMINISTRAZIO EGINTZA. MOTAK ETA OSAGAIAK

109

B) Karga egintzak Karga egintzak edo egintza murriztaileak administratuen askatasuna nahiz eskubideak mugatzen dituztenak dira, edota horiei zenbait zehapen jartzen dizkienak. Hori dela eta, antolamenduak berme batzuk ezartzen ditu jasotzaileak babesteko: interesatuen entzunaldi tramitea eta zioen azalpena beharrezkoak dira (Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 54 eta 84. art.ak), eta ezin izango zaie inoiz ere atzeraeraginkortasunik aintzatetsi (Konstituzioaren 9.3. art.). Aldiz, ez dago arazo formalik bera ezeztatu edota deuseztatzeko, eta ukituak bertan ez egonda nahiz zioen azalpena egin beharrik ez dagoela ere har daiteke erabakia. Egintza murriztaileen artean aginduak, eskubideak eskualdatzen dituzten egintzak —derrigorrezko desjabetzapena da horien adibiderik onena— , egintza azkentzaileak eta egintza zigortzaileak daude. 1. Aginduak. Egintza horiek erabilita, Administrazioak jarrera positibo edo negatiboko betebeharra ezartzen dio subjektuari; betebehar hori bete ezean, zigor edo administrazio zehapena ezar dakioke behartuari, hala ere, Administrazioak berak betearazi ahal izango du. Agindua nagusitasun orokorreko ahalgoaren ondorioa da, lurralde administrazioek (Estatua, Autonomi Erkidegoa, Udalerria) lurralde jakin batean bizi diren hiritar guztiei edota euretako talderen bati dagokionez (funtzionarioak, emakidadunak, herri zerbitzuen erabiltzaileak etab.) dutena bezalakoa, Administrazioaren eta aginduak duen jasotzailearen arteko harreman juridikoen barruan. 2. Eskubideak eskualdatzeko egintzak. Egintza horien bidez, administrazio edota norbanakoari eskualdatzen zaio jabetza edo beronen ahalmenetakoren bat. Aipamen berezia merezi dute desjabetzapenek, Espainiako legeriak, horretaz diharduen kapitulua ikasten dugunean ikusiko denez, horiei buruzko kontzeptu zabala dauka eta. 3. Egintza azkentzaileak. Eskubide edo harreman juridikoren bat azkentzen edo ezabatzen dute, bai horiei zuzenean eraginez, bai eskubidea nahiz harremanak sortu dituen egintzari eraginez. Zuzenean eragiten dutenen artean ondasunen konfiskazioa eta eskubideen iraungitasuna sar daitezke. Lehenengo kasuan, objektu ez­zilegiak edota arriskutsuak konfiskatzen dira (drogak, debekaturiko armak, herriaren osasunerako arriskutsuak diren gauza nahiz animaliak suntsitzea); eta, desjabetzapenaren kasuan ez bezala, horiek ez dakarte berez kalterik ordaintzeko eskubiderik. Iraungitasunak edo kaduzitateak zenbait eskubide galtzea dakar eskubide horiek emandako helburutik aparte egikaritzen direnean (esate baterako, herri jabariaren emakiden kasuan, emandako ondasunak ez erabili edota ustiatzearen ondorioz).


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.