ADMINISTRAZIO EGINTZA. MOTAK ETA OSAGAIAK
107
Ondore bikoitzeko egintzak edota mistoak ere aipatu izan dira, ze batzuei eskubideak mugatzen dizkiete eta, aldi berean, beste administratuei alor juridikoa zabaltzea dakarkie, esaterako, onuraduna eta desjabetua norbanakoak diren desjabetzapenetan (1983ko urtarrilaren 26ko nahiz ekainaren 14ko, 1985eko otsailaren 6ko eta 1986ko urriaren 18ko epaiak). Ondore bikoitzeko egintza Administrazioak tartekari modura jarduten duen kasu guztietan agertzen da; jarduera hori ondorengoko kapitulu batean aipatuko da. Egintza mota horiek guztiak eta beraien azpimota desberdinak administrazio jardueraren adierazpen formalizatuak dira eta, horrenbestez, nahiz eta orain kontzeptu mailako laburpen bat egin, arretaz aztertuko ditugu administrazio egintzen deuseztasun eta ezeztapen eraentzak jorratzen ditugunean; bertan, sarritan agertuko da bereizketa hori, baita Administrazioak esku hartzeko dituen era desberdinak aztertzen dituzten kapituluetan ere.
A) Norbanakoen aldeko egintzak Lehenago ere esan denez, norbanakoen aldeko edo eskubideak adierazteko egintzak euren alor juridikoa zalbaltzen dituztenak dira. Emateko errazak dira, baina zailak deuseztatzeko edo ezeztatzeko. Hori dela eta, ez dute ziorik behar jasotzaileei aplikatu ahal izateko, eta, hasieran behintzat, lege lerruna duten arauetan oinarritu beharrik ere ez dute. Salbuespenez, atzeraeragitekoak ere izan daitezke. Hala ere, formalizatutako prozedurak erabiliz bakarrik ezezta daitezke (Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 54, 57.3, 102 eta ondorengo art.ak). Norbanakoen alor juridikoa zabaltzen duten administrazio egintzen artean onarpenak, emakidak, baimenak, onespenak eta lekapenak sartzen dira. 1.Onarpenak. Subjektuari erakunde edo izakunde batean sartzeko aukera ematen dioten egintzak dira, edo pertsona kategoria batean, berak ere zenbait eskubide nahiz abantaila izateko, edota administrazio zerbitzu batzuk erabili ahal izateko. Profesionari bat elkargo batean sartzea dakarten egintzak onarpenen barruan sartzen dira argi eta garbi, edota pertsona bat herri zerbitzu batean onartzea dakartenak (esate baterako, Unibertsitatean onartzea, ongintza edo benefizentzia erakunde batean, etab.). 2. Emakidak edo kontzesioak. Ebazpen horien bidez, Administrazio batek berea den eskubide edo boterea eskualdatzen die beste subjektu batzuei; emakidak dira, baita, euren eskubide edo botereen gain (eta, beraz, horiek mugaturik) norbanakoei eskubide edo botere berria sortzen dieten ebazpenak ere. Emakiden artean, egiteko erraza ez bada ere, eskualdatzaileak edo traslatiboak eta eratzaileak edo konstitutiboak bereizten dira. Lehenengoaren adibidetzat herri zer-