Doktrina - Zuzenbide Zibila - Zati orokorra

Page 99

59. Interpretazioaren emaitza Lehen azaldutako elementu zein argudioen bidez, interpretatzaileak interpretatutako proposamenaren edo proposamenen arauzko esanahia erabakitzen du, proposamena aplikatzeko aztertzen dabilen kasuari egokituz. Eta, lortu duen emaitza zehatza kontuan hartuta, ohikoa da interpretazio adierazle eta interpretazio zuzentzailearen artean ezberdintzea; era berean, azken horretan interpretazio hedatzailea eta interpretazio murrizgarria bereiz daitezke. Azken finean, arauzko esanahia, hots, arauaren «ratioa», eta xedapenaren testua konparatu behar dira. Horrela, arauaren testua «ratio»arekin bat badator, interpretazioa adierazlea da; testua emaitza baino murritzagoa bada, interpretazioa hedatzailea da; testua «ratio» edo emaitza baino zabalagoa bada, interpretazioa murrizgarria izango da. Horrez gain, jarduteko jarraibide orokorrak daude. Izatez, emaitza ezkorrak ezarri, pribilegioak eman, zehapenak ezarri eta askatasunaren eremua murrizten duten arauak ulertu beharko dira esangura murrizgarrian; alderantziz, askatasunaren eremua zabaldu eta onurak ematen dituzten arauak modu hedatzailean interpretatu beharko dira («odiosa sunt restringenda; favorabilia, amplianda»). Hala ere, zalantzagarria da mota horretako erregelak erabilgarriak izatea, bai eta interpretazioaren ondorioen arabera interpretazioen arteko bereizketa egitea ere. Izan ere, interpretazioa adierazlea, hedatzailea edo murrizgarria den sailkatzeko, esan ohi da, alderatzen diren elementuak ez direla arauaren «ratioa» edo helburua eta testua, baizik eta interpretatzailearen ustez arauaren «ratio» edo helburua direnak eta testua. Egineginean ere, goian argudio logikoak aztertzean ikusi dugunez, argudio horietako batzuek xedapenen arauzko eremua hedatzen dute, beste batzuek, ostera, eremu hori murriztu; eta ez dago kasu guztietarako hedaketari edo murrizketari lehentasuna ematen dion arauketarik. Erabakia kasuz kasu hartu beharko da ziur aski, eta kontuan hartu behar ditugu ondokoak: printzipio nagusien norainoko loteslea (konstituzio printzipioak, besteak beste); ekitatea, noiz eta arauaren zorroztasuna biguntzen duenean (KZren 3.2 art.) eta abar. Analogiaren debekuen eragina mugatzeak zalantza handiagoak sortu ditu (KZren 4.2 art.), baldin eta analogia lotzen bada interpretazio hedatzailearekin. Izan ere, analogia eta interpretazio hedatzailea gauza desberdinak direla uste dutenentzat (horien ustez, argudio analogikoa ez dago arauen interpretazioaren eremuan, arauen integrazioaren eremuan baino), analogiaren debekuek ez dakarte modu hedatzailean interpretatzeko debekurik. Hala ere, Espainiako Zuzenbidearen arabera, «legis» analogiaren eta interpretazioaren arteko bereizketa egitea arras zaila da, eta, gainera, ahaztu ohi da interpretazio hedatzailea, argudio analogikoaren ondorioa ez ezik, «a fortiori» argudioaren ondorioa ere badela. Hori dela eta, ez da oso ziurra esatea zigor-legeak edo salbuespeneko legeak ezin direnik modu hedatzailean interpretatu. Izatez, lege horiek ezin dira analogia bidez (edozein motatakoak izanik ere) modu hedatzailean aplikatu, KZren 4.2 art.ak halaxe debekatzen baitu beren beregi. Hamargarren gaia ARAUAK APLIKATZEA (II). INTEGRAZIOA Laburpena: §22. Hutsuneak integratzea. 60. Integrazioa: A) Antolamendu juridikoaren osotasuna; B) Lege hutsuneak. Antolamendu juridikoaren mailaketa; C) Integrazio teknikak: autointegrazioa eta heterointegrazioa.— §23. Analogia. 61. Analogia: A) Kontzeptua eta oinarriak, B) Analogia motak; C) Baldintzak; D) Mugak: a) Zigor-arloko arauak, eta zigorrak ezartzen dituzten arau zehatzaileak; b) Salbuespeneko arauak; c) Aldi baterako legeak.— §24. Ekitatea. 62. Ekitatea: A) Kode Zibilaren 3.2 artikulua; B) Ekitatea balorazio irizpide gisa; C) Ekitatea eta legearen zorroztasuna biguntzeko epaileek duten ahalmena; D) Ekitatea eta kontzeptu juridiko zehaztugabeak; E) Ekitatea, epailearen erabakimen gisa.— §25. Ordeztailetasuna. 63. Ordeztailetasuna: A) Ordeztailetasuna, Zuzenbide orokorra eta Zuzenbide berezia. Beste arau batzuetara jo beharra; B) Ordeztailetasuna, Zuzenbide erkidea eta Zuzenbide bereziak: a) Kode Zibilaren 4.3 artikulua; b) Kode Zibilaren ordeztailetasun orokorraren esparrua; c) Atariko tituluaren ordeztailetasuna.

§22. HUTSUNEAK INTEGRATZEA 60. Integrazioa A) Antolamendu juridikoaren osotasuna Ikuspuntu teorikotik, ez dira gauza bera arauari esangura edo esanahia eratxikitzea eta araua falta


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.