Aurreko ataletan kodegintzaren esangura aztertzean esan dugunez, Kodearen bidez, beste helburu batzuez gain, sistema politikoak berdintasun irizpideen arabera antolatu nahi zuen gizartea. Horrek esan nahi du gaur egun zalantzan jar daitekeela aukeratutako metodoak gizarte sistema osoak bilatzen duen helburua lortzeko oraindik baliozkoa den ala ez. Egia esateko, Kodea tresna tekniko arrunt eta egokia da, testu nagusian (Konstituzioan) ezartzen den egitaraua garatzeko. Eta, horregatik, Konstituzioaren aginduekin bat egin beharko du, bere helburua Konstituziora bilduta dauden printzipioen garapena izango delako, batez ere. BIBLIOGRAFIA Aurreko ataletan aipatutako lanez gain, ondokoak kontsulta daitezke: CLAVERO: «Historia jurídica y Códigos políticos: Los Derechos forales y la constitución», Anuario de Historia del Derecho español, 1980, 131. orrialdea; DE LOS MOZOS, in El Código civil. Debates parlamentarios. 18851889, I. liburukia, Madril, 1989, 19. orrialdea; DURÁN I BAS: «Estructura más apropiada para un Código civil español», in Escritos del Excmo. Sr. D. Manuel Durán I Bas, Bartzelona, 1888; LACRUZ BERDEJO: Introducción a las Concordancias, motivos y comentarios del Código civil español, Zaragozako berrinprimatzea, 1974; LASSO GAITE: La Codificación civil, Madril, 1979; LÓPEZ LÓPEZ, A.: «Constitución, Código y leyes especiales. Reflexiones sobre la llamada descodificación», in Asociación de Profesores de Derecho civil. Centenario del Código civil, II. liburukia, Madril, 1990, 1.163. orrialdea; ROCA I TRÍAS: «La Codificación y el derecho foral», R.D.P., 1977, 596. orrialdea.
Laugarren gaia
Zuzenbide zibil erkidea eta Autonomietako zuzenbide zibila Laburpena: §8. Bitarteko sistemaren eragingarritasuna: Kode Zibila eta Foru zuzenbideak.— 20. Oinarri Legeak eratorritako sistema: eranskinak.— 21. Bitarteko sistemaren aldaketa: konpilazio sistema: A) Zuzenbide zibilari buruzko 1946ko Kongresua; B) Zuzenbide zibilari buruzko konpilazioak; C) Konpilazio eta Kode Zibilaren arteko harremanak.— §9. Zuzenbide zibila antolatzeko eredu autonomikoa. 22. Antolamendu zibilaren egitura eredu autonomikoan: A) Antolamendu zibilaren egitura; B) Autonomia-erkidegoetako eskumenen mugak; C) Espainiako sistema zibila; D) Estatuaren eskumen esklusiboak.— 23. Estatuaren eta autonomia-erkidegoen antolamendu zibilen arteko harremanak: A) Zuzenbidea aplikatzeko irizpideak; B) Ordeztailetasun harremanak.
§8. BITARTEKO SISTEMAREN ERAGINGARRITASUNA: KODE ZIBILA ETA FORU ZUZENBIDEAK 20. Oinarri Legeak eratorritako sistema: eranskinak Aurreko atalean esan dugun moduan, Kodeari bera osatzen zuten eranskinak gehitzea izan zen Kodegintza zibila desblokeatzeko sistema. Eranskin horietan jaso ziren Espainiako lurralde osora heda ezin zitezkeen erakundeak. Izan ere, erakunde horiek, euren aplikazio lurraldeetan oso erroturik zeudenez gero, ezin ziren desagertu. Izatez, aurrerago azaldu moduan, gai jakin batzuk (testamentua egiteko askatasuna, besteak beste) tradizioaren aurka arautzea izan zen 1851ko Proiektuaren porrotaren arrazoi garrantzitsuenetariko bat. 1888ko Oinarri Legearen 5. artikulua indarrean jarri zenetik, Zuzenbide berezia zuten lurraldeek indarreko erakunde horiek arautegi independente batzuetan, hots, eranskinetan, jaso zitzaketen. Kodegintza zibilak, beraz, ez zuen berdintasunik lortu. Horixe adierazi zuen KZren 1976. art.ak. Berez, artikulu horrek «Zuzenbide zibil erkidea» bakarrik indargabetu zuen eta gainerako sistema juridikoak indarrean utzi zituen «artean». KZren 12. art.ak gauza bera agintzen zuen, Oinarri Legearen 5. artikuluaren ondorioz.