Doktrina - Zuzenbide Zibila - Zati orokorra

Page 294

Hogeita laugarren gaia AUTONOMIA PRIBATUA Laburpena: §56. Autonomia pribatua orokorrean.— 193. Eskubide subjektiboa eta norbanakoek euren interesak arautzea.— 194. Autonomia pribatua eta «Konstituzio ekonomikoa».— 195. Kontratua eta testamentua, autonomia pribatuaren oinarrizko egintzak.— 196. Autonomia pribatuaren mugak.— §57. Egitate, egintza eta negozio juridikoak.— 197. Negozio juridikoaren kategoria teknikoa.— 198. Egitatea, egintza juridikoa esangura hertsian edo negozioz kanpokoan, negozio juridikoa.— 199. Egintza juridikoen mota nagusiak.

§56. AUTONOMIA PRIBATUA OROKORREAN 193. Eskubide subjektiboa eta norbanakoek euren interesak arautzea Eskubide subjektiboak norbanakoen interesak betetzeko eratxikitako ahalmenak dira (aurreko gaietan aurkeztutako mugekin). Euren helburua da onurabide edota ukiezintasun esparrua izatea, hau da, askatasun esparrua izatea, botere publiko eta beste subjektu pribatuen kontra. Gizabanakoek bizitza juridikoan jarduteko aukera horiek (eskubide subjektiboak, alegia) dituztenez gero, ondoko arazoa agertzen da: eskubide horien titularrak beste gizabanakoen esparruan eskua sartzen dutenean, esparruen arteko harremanak titularrek eurek antolatu eta arautu ditzakete, edo legeak bakarrik arautu ditzake? Lehenengo aukera onartuz gero, hau da, norbanakoek euren eskubideei eusten dieten interesen arteko harremanak arautzeko aukera dutela onartuz gero, zehaztu behar da zeintzuk diren autoarauketa hori gauzatzeko mekanismoak, eta, hala denean, kasuankasuan errespetatu beharreko mugak. Agertu ere, arazoa agertzen da, batez ere, eduki ekonomikoa duten eskubideetan. Horrek ez du esan nahi, ostera, borondateak bestelako eskubideetan zeresanik ez duenik. Izatez, arrazoia da nork bere burua arautzeko aukerak berez dakarrela eskubideak lagatzeko eta eskubide horiek elkarri trukatzeko aukera, eta hori, berez, ondare edukia duten eskubideetan bakarrik gerta daiteke, nortasun eskubideak xedaezinak baitira. Hortaz, arazo horrek izugarrizko garrantzia hartzen du erakunde legez, batez ere, eduki ekonomikoa duten eskubideetan. Bestalde, eskubide ekonomikoei dagokienez, norbanakoek beren interesak euren borondatez noiz arautu ditzaketen zehazteak hauxe dakar: Zuzenbidearen ikuspuntutik, konponbidea ematea gizartearen antolaketa ekonomikoari buruzko arazoari, arazo hori beti agertzen baita norbanako eta botere publikoen arteko tirabiren ondorioz. Galdera hauek egin beharko lirateke, hain zuzen ere: gizabanakoak al dira bizitza ekonomikoaren oinarrizko protagonistak (bizitza ekonomikoa ondasun eta zerbitzuen ekoizpen, banaketa eta elkartrukatzea dela kontuan hartuz)?; norbanakoen esku dago hori guztia antolatu eta betearaztea?; eta, norbanakoen esku badaude, zein modutan, hau da, era esklusiboan, nagusian edo bazterreko moduan? Galdera berdinak egin daitezke gizartea gobernatzen duten botereek bizitza ekonomikoan duten eginkizunari buruz. Botere horiei dagokienez, garrantzi berezia dute era honetako galderek: estatuak (eta beste herri-erakundeek, euren eskumenen arabera) planifika dezakete gizartearen antolaketa ekonomikoa?; eta, ahal izanez gero, nolakoa da planifikazio hori: adierazlea, norbanakoen jarduera ekonomikorako zenbait gida-lerro eman edo bultzatzen dituena edo, ostera, aginduzkoa, botere publikoek planifikatutakoa betearaztera derrigortzen duena?; beharbada, eta estatuaren planifikaziorik badago, planifikazio adierazle eta aginduzko planifikazioaren arteko nahasketa ote da? 194. Autonomia pribatua eta «Konstituzio ekonomikoa» Arazo horien erantzuna Konstituzioaren arauak aztertuz bakarrik eman daiteke; izan ere, erantzunari «Konstituzio ekonomiko» deritzo. Beraz, labur-zurrean bada ere, Espainiako «Konstituzio ekonomikoa» aipatu behar dugu, horrek emango baitizkigu oinarrizko gida-lerroak, zertarako eta bi helburu hauek lortzeko: batetik, norbanakoek euren interesak arautzeko dituzten aukerak ulertzeko, Zuzenbide zibilean «borondatearen autonomia» izenarekin ezagutzen duguna, alegia [autonomia, «autos» (norberari, norberarentzat) eta «nomos» (araua, erregela) hitz grekoetatik, hau da, norberarentzat emandako erregela]; eta, bestetik, borondate pribatuaren aukerak ulertzeko, borondate hori baita erregela horren iturria. Borondate pribatu hori «autonomia pribatu» edo «norbanakoen autonomia» adierazmoldeen bidez ere agertu izan da (adierazmolde guztiek esanahi bera dute).


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.