Hemezortzigarren gaia EGOERA ZIBILAK (I) Laburpena: §42. Adina.— 119. Adina, jarduteko gaitasuna aldarazteko arrazoi gisa: A) Kontzeptua eta esangura; B) Adinaren konputua.— 120. Adingabearen egoera juridikoa: A) Adingabearen gaitasuna; B) Adingabearen erantzukizuna; C) Adingabearen gaineko babesa.— 121. Adin nagusitasuna.— 122. Adingabearen emantzipazioa: A) Kontzeptua eta esangura; B) Kasuak.— 123. Emantzipazioaren ondoreak: A) Orokorrean; B) Pertsonaren eta familiaren harremanetan dituen ondoreak; C) Adingabeari ematen zaion laguntza.— 124. Ezkondutako emantzipatuaren gaitasuna.— 125. Adingabeko emantzipatuaren erantzukizuna.— §43. Ezgaiketa.— 126. Ezgaiketa orokorrean: A) Kontzeptua; B) Ezgaiketa-arrazoiak; C) Ezgaiketa prozedura; D) Ezgaiketaren ondoreak.— 127. Zarrastelkeria adierazpena.
§42. ADINA 119. Adina, jarduteko gaitasuna aldarazteko arrazoi gisa A) Kontzeptua eta esangura Pertsonaren adinak jaiotzatik une zehatz bat arte bizi izandako denbora adierazten du. Antolamendu juridikoak kontuan hartzen du adina ondore juridiko jakin batzuk eratxikitzeko, esaterako, pertsonaren desagertze kasuan haren ustezko heriotza adierazteko (KZren 193.1 art.), tutoretzaz desenkusatzeko (KZren 251. art.) eta abar. Ondore horiez gain, adinak helburu zehatza du: pertsonaren bilakaeran eta garapenean aldiak adieraztea, hain zuzen. Horrek bizitzaren lehen etapetan garrantzi handia du, giza lagunak, jaio denean, ez baititu bere ahalmen fisiko eta psikiko osoak; alderantziz, ahalmen horiek haren nortasuna bilakatzen doan neurrian garatzen dira. Ikuspuntu horretatik, argi dago antolamendu juridikoarentzat ez direla gauza bera 3 urteko umea eta 40 urteko pertsona heldua; biek gaitasun juridiko bera dute, KZren 30. artikuluaren baldintzak betetzen dituen gizaki orori nortasun juridikoa aitortzen baitzaio, berdintasun printzipioa aplikatuz. Hala ere, haren eskubideen egikaritza eta haren interesen defentsaren alorrean, ezin daitezke berdin balioetsi bataren eta bestearen gaitasuna; pertsonaren borondatezko jardunak kontzientzia eta jakitea behar ditu, eta horiek aldakorrak dira pertsonaren bizitzan, edo bai behintzat, bizitzaren lehen urteetan. EKren 9.2 artikuluaren aginduz, botere publikoei dagokie, gizabanakoen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen baldintzak sustatzea, horien osotasuna galarazten edo oztopatzen dituzten eragozpenak baztertuz. Konstituzioaren adierazpen horrek ondokoa kontuan hartzera behartzen gaitu: pertsonak, adinaren arabera, hasierako egoera desberdinetan izan daitezke. Hori ulerturik, kasuankasuan pertsonaren interesak eragingarritasun maila berberarekin babesteko asmoa dago, horretarako neurri egokiak hartuz. Hor azaldutako arazoari legegileak irtenbide bikoitza eman dio: batetik, jarduteko gaitasuna izateko adin zehatza ezarri da orokorrean; adin hori betez gero, gazteak bere independentzia lortu eta bere nortasunaren garapen askea bereganatzen du. Adin nagusitasun gisa ezagutzen den adin hori 18 urtean finkatzen da Espainiako antolamendu juridikoan (EKren 12. art. eta KZren 315. art.). Legegileak, bestalde, adingabearen jarduteko gaitasuna mugatu egin du; beraren gurasoen zein tutorearen edo tutoreen babes eta zaintzapean jarri du, horiek adingabea ordez dezaten eskubideen egikaritzan nahiz betebeharrak betetzean, eta haren ondasunak eta pertsona zain ditzaten. Era berean, botere publikoei dagokie adingabeen eskubideak babestu eta suspertzea. Adin nagusitasuna eta adingabetasuna arautzeaz gain, KZk adingabearen beste egoera batzuen ardura hartu du bere gain; egoera horiek eragina dute jarduteko gaitasunean, eta adinarekin lotuta daude zuzenean. Emantzipazioak ondorioztatzen dituen egoerez hitz egiten ari gara. Alderantziz, ez da arautzen adinekoa izateak pertsonaren jarduteko gaitasunean izan dezakeen eragina, lan egiteko erretiro adina agintzea salbu. Gero ikusiko dugun bezala, historian zehar ere ez da aukera hori arautu; aitzitik, zaharra izateak berez gizartean maila garrantzitsua edukitzea zekarren. Izan ere, parametro logiko eta orokor batzuen ondorioa da jarduteko gaitasuna aldarazteko arrazoi gisa adina arautzeak. Zentzuko arauketa hori kodegintzaren fruitua da, kodegintza iradoki zuten ideia arrazionalistek eratorria, adinak ez baitu beti norainoko hori izan, eta gizabanakoaren gaitasunean duen eragina ere ez baita beti modu berean ulertu. Hasteko, kontuan izan behar da orain gutxi arte eskubideen egikaritzan guraso-ahala (hots, semealabak ordeztea dakarrena) azkentzen zela gurasoak hil edo semea nahiz alaba emantzipatuz gero bakarrik; beraz, aitaren agintaritzapean zegoen filius familiaearentzat,