Doktrina - Zuzenbide Zibila - Zati orokorra

Page 12

ZUZENBIDE ZIBILALehenengo gaia ZUZENBIDE ZIBILA Laburpena: §1. Zuzenbide zibilaren kontzeptua.— 1. Antolamendu juridikoa bere osotasunean eta Zuzenbide zibila.— 2. Etengabeko bilakaera izan duen Zuzenbide zibilaren kontzeptua: A) Abiapuntua: Ius civilea; B) Pribatizazioa; C) Zuzenbide zibila eta Zuzenbide erkidea; D) Naziokotzea; E) Estatalizazioa.— 3. Legeria zibila.— §2. Zuzenbide zibilak araututako gizarte errealitatea.— 4. Zuzenbide zibila eta zuzenbide pribatu bereziak.— 5. Zuzenbide zibila, Pertsonari buruzko zuzenbidea.— 6. Zuzenbide zibilaren edukia.

§1. ZUZENBIDE ZIBILAREN KONTZEPTUA 1. Antolamendu juridikoa bere osotasunean eta Zuzenbide zibila Arau askok eraentzen du gizarte bizitza; izan ere, arauok ematen dira, antolamendu juridikoak aitortzen dituen giza helburuak lortzeko eta elkarbizitza bakean antolatzeko. Beraz, arau juridiko horien helburua da gizartea osatzen duten gizonemakumeek, gizakiek, alegia, bizi dituzten egoerak eta burutzen dituzten portaerak arautzea. Eta gizabanakoen egoera zein portaerak era askotakoak direnez gero, antolamendu juridikoa ere era askotakoa izango da, guztiz konplexua, hain zuzen. Baina konplexu izateak ez du adierazten (edo behintzat, ez du adierazi behar) antolamendua arauen itxuragabeko nahastea denik; alderantziz, gaur egun zuzenbideak egituratu egiten dira, bai eta ataletan banandu ere, hobeto uler daitezen. Antolamendu juridikoa egituratzeko modurik bakunenak kontuan hartzen du arautu beharreko egoerek eta gatazkek gizartean duten ohikotasuna; gainera, egoera eta gatazka horiek berriro egituratu daitezke, euren konponbideak iradoki dituzten oinarrizko printzipioen arabera. Gauzak horrela, egituraren batasuna galdu gabe, antolamendu juridikoa ataletan banandurik dago; eta, horrexegatik, arloz arlo aztertzen da. Izan ere, antolamendu juridikoaren ataletara biltzen diren arauek gizarte errealitatearen arlo desberdinak xedatzen dituzte, zentzuzkoak izan behar diren printzipioen bitartez. Antolamendu juridikoaren ataletako bat da Zuzenbide zibila. Ondoren Zuzenbide zibilaren kontzeptua eta edukia azaltzen badira ere, aurretik hauxe azpimarratu behar dugu: antolamendua atalka egituratzen dela, arautu beharreko gizarte errealitatearen arloak zeintzuk diren kontuan izanik; hala ere, egituraketa egiteko beste irizpide batzuk badaude egon, esaterako, arauak ematen dituen agintaritzaren lurralde eremua kontuan hartzen duena, zuzenbide autonomikoetan gertatzen den bezala. Halaber, atalak bereizteak ez du zalantzan jartzen Espainiako antolamendu juridikoaren batasuna, Konstituzioak berak, alegia, atal arauemaile guztien gaineko arau gorena denak, bermatu eta arautzen baitu batasun hori. 2. Etengabeko bilakaera izan duen Zuzenbide zibilaren kontzeptua A) Abiapuntua: Ius Civilea «Zuzenbide zibil» adierazmoldea ez da berria, alderantziz, oso zaharra da. Horrexegatik ondoko abiapuntua onartu beharra dago: uneanunean Zuzenbide zibil deiturikoak arautu izan duen gizarte errealitatea historian aldakorra izan da, eta aldakorra izan daiteke, hain zuzen. Izan ere, etimologiaren ikuspuntutik, Zuzenbide zibila hiritarraren edo hiriaren zuzenbidea da, hots, adierazmolde horrek Erromako Hiritarren zuzenbidea identifikatzen du, egoera pribilegiatu hori ez dutenei begira. Beraz, Zuzenbide zibila eta


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.