Stein 2 OK :Maquetaci贸n 1 02/07/13 13:05 P谩gina 73
Justinianoren zuzenbidea berpiztea
73
Gisa horretan, Justinianoren testuetara botere legegilearen jatorriari buruzko ikusmolde desberdinak bil zitezkeen. Egin-eginean ere, izugarrizko ahaleginak egin behar izan ziren printzea legeen agintetik at zegoelako ideia eta Digna voxaren teoria bateratzeko, azken horren arabera printzearen boterea mugatua baitzen. Testu batzuek azpimarratu zuten printzeak aginte mugagabea zuela, guztion onerako bidezko zeritzon moduan gobernatu nahiz legeak egiteko, eta juristek, batik bat boteretik hurbil zeudenek, gero eta maizago jo zuten halakoetara. Hortaz, ideia feudalaren ariora, printzearen eta bere basailuen arteko harremanak akordio baten ondoriozkoak ziren, alegia, gobernadoreak zituen botereen beste aldean betebeharrak zeudela zioen akordioaren ondoriozkoak, eta zuzenbide zibila ez zetorren bat ideia horrekin. Agidanez, monarkiaren ideia horrek bizirik iraun du Bractonen teorietan: XII. mendean horrek baieztatu zuenez, Ingalaterran erregea Jainkoaren eta legeen azpitik dago, legeak egiten duelako erregea.
Zuzenbide zibila eta ohitura Aurretik esan dugun moduan, elizaren auzitegietan erabilitako zuzenbide kanonikoa jorratzen zutenen heziketa, eskuarki, zuzenbide erromatarrean oinarritu zen, eta zuzenbide hori gero eta gehiago ikusten zen zuzenbide unibertsal antzo. Erromako Inperio Santuaren mugen barruan, uler zitekeen zuzenbide erromatarra aipatzea, hori inperioko zuzenbidea baitzen; hala ere, gero eta gehiago jotzen zen zuzenbide horretara, baina ez horren aginte formalaren ondorioz, ezpada teknikaren aldetik askoz hobea zelako, eta ager zitekeen edozein aurkariren gainetik zegoelako. Zuzenbide kanonikoarekin gertatu aldera, auzitegiek ez zuten aplikatu zuzenbide erromatarra bere horretan. Elizaren auzitegiek zuzenbide kanonikoa aplikatu zuten, ezkontza edo pertsonaren estatutua bezalako gaietan; jaun feudalen auzitegiek zuzenbide feudala aplikatu zuten, lurraren edukitzari lotutako autuetan; eta, azkenik, hirietako betiko auzitegiek tokiko zuzenbide ohiturazkoa aplikatu zuten, egintza ez-zilegien ondoriozko konpentsazioak erreklamatzen zirenean. Zuzenbide zibilak, bada, kontzeptuen esparrua eskaini zuen, hots, interpretazio-printzipioen multzoa; halakoek zuzenbidearen nolabaiteko gramatika osatzen zuten, eta bertara jo zitekeen beharrezkoa zen guztietan. Tokiko auzitegiak edo auzitegi feudalak euren zuzenbidea aplikatzen saiatu ziren lehenik eta behin, baina horrek ez bazuen eskaintzen irtenbide