Stein 2 OK :Maquetación 1 02/07/13 13:05 Página 71
Justinianoren zuzenbidea berpiztea
71
Pariseko parlamentuak hartutako prozedura horren bertsioa eredu gisa erabili zen Frantziako beste auzitegi batzuetan. Prozedura zeharo teknikoa zen: epaileek euren kontura ikertzen zituzten egitateak, alderdi biek halakoak onartu ezean. Epaileak gaiaren atal garrantzitsuen inguruko galderak egingo zituela ziurtatzeko, demanda- eta defentsa-idazkiekin batera alderdiek galdera jakin batzuk egitea proposatzen zioten. Eginiko froga guztiak idatziz jaso behar ziren. Azken buruan, bada, prozedura osoro idatzia jaio zen, eta horren maila teknikoa gero eta hobea zenez gero, berori behar bezala garatu ahal izateko jurista profesionalen esku-hartzea behar zen. Unibertsitate-heziketaren ondorioz, juristok bertan ikasitako zuzenbide zibila aipatzen zuten. Prozedura onartzea izan zen zuzenbide zibila onartzeko lehenengo urratsa.
Zuzenbide zibila aplikatzea: botere legegilea Hainbatenaz Digestoak zenbatenaz Kodeak baieztatu zuten enperadoreak erabateko boterea zuela legeak egiteko. D. 1. 4. 1.ean hauxe adierazi zen: «Printzearentzat atsegin denak lege-indarra du». Ulpianok eginiko baieztapen horren jatorrizko testuinguruak, beharbada, enperadorearen botere bat ekarri nahi zuen hizpidera: aplikatu beharreko zuzenbidearen inguruko ikuspegi desberdinak barneratzen zituen eztabaida juridikoa ebazteko boterea. Digestoan, horratik, baieztapen hori enperadorearen erabateko botereari buruzko baieztapen zehatz moduan finkatu zen. Beste testu batean aipatzen zen enperadorea «legeen agintetik at zegoela» (D. 1. 3. 1.) edo, bestela esanda, itxuraz zuzenbidearen gainetik zegoela. D. 1, 14, 1ean, Ulpianok honetara azaltzen du enperadorearen botere legegilea: agintaldia hastean, herri erromatarrak enperadore bakoitzari estatuaren onerako egin beharreko guztia egiteko boterea ematen dio modu formalean (lex de imperio edo lex regia delakoaren bidez). Beste alde batetik, Julianok ohituraren inguruan idatzitako testuan (D. 1, 3, 32) baieztatu zuen herriaren onespenak bidezkotzen zuela legearen nahiz ohituraren agintea; testu hori aipatu dugu dagoeneko («Zuzenbide klasikoaren ostekoa eta prozedura», 34. or. eta hurrengoak). Enperadorea herriaren ordezkari izatearen ideia C. 1, 14, 4an oinarritzen zen (Digna vox), hau da, Teodosio II.ak 429. urtean aldarrikatutako konstituzioan; bertan esaten zen enperadoreak adierazi behar zuela legeen mende zegoela, horren agin-