Stein 1 OK:Maquetaci贸n 1 02/07/13 13:02 P谩gina 23
Zuzenbide Erromatarra antzinaroan
23
Gaioren aurreko juristek orduko ulertu zuten betebehar gehienen jatorria zela alderdiek aurretiaz egindako hitzarmena; hala ere, aitortu zuten betebehar horiek zuzenbidearen esparruan galdatzeko modukoak izan zitezen, hitzarmen hutsa baino gehiago behar zela. Horrela, betebehar gehienek osagai bera zuten: alderdien arteko hitzarmena, betebehar horiei behartze-indarra zerk ematen zien alde batera utzita. Kontratuek betebeharrak ezartzen zizkieten alderdiei, eta kategoria gisa jaio ziren. Gaiok, aldiz, betebeharrari buruzko ikusmira berria eskaini zuen: betebeharra ez zen zordunaren gaineko zama bat bakarrik; horrez gain, aktibo bat zen hartzekodunaren esku. Arean ere, hartzekodunak zorduna pertsegitzeko eskubidea zuen, eta hori betebeharren artean kokatzen zen. Horrela, Gaiok aukera izan zuen betebeharraren kontzeptua zabaltzeko; zabaltze horrek ahalbidetu zuen betebeharren iturrien artean sartzea, dela kontratuak, dela ez-zilegi zibilak eta delituak. Zuzenbidearen hirugarren zatia, Gaioren eskemari helduta, akzioei buruzkoa zen. Zati horretan, Gaiok ez zuen kezka handirik hartu, auzitegietan demandak jartzeko prozedurari buruz. Gaioren lana, kronologiaren arabera, epealdi klasikoaren gailurrean kokatu behar da. Une horretan, zuzenbide pribatuaren edukiak, neurri handiagoan edo txikiagoan, finkatuta zeuden. Gaioren eskemak, berriz, osagai berritzaileak zituen. Esate baterako, akzioak fenomeno juridikoen artean sartu zituen; fenomeno juridiko horiek pertsona eta gauzekin batera sailkatu zituen; gauza gozpuzgabeak gauza fisikoen kategoria bertsura bildu zituen; eta, gainera, bai kontratuak, bai delituak, betebeharren iturri moduan ulertu zituen. Erakundeak izeneko lanaren eskemak xede zuen etorkizunean egundoko eragina izatea; bere garaian, ordea, ondorio gutxi izan zituen esparru akademikotik kanpo. Jurista praktikoek ez zuten ordena sistematikorik behar.
Jurisprudentzia klasikoak gailurra jotzea Gure aroaren hirugarren mendea hasi bezain laster, Antonino Karakala enperadoreak ediktu garrantzitsua aldarrikatu zuen. Ediktu horren ondorioz, haren inperioko biztanle gehienak Erromako herritar bihurtu ziren, biztanleon borondatea zein zen kontuan hartu gabe. Constitutio Antoniniana izenekoa, aldiz, K. o. 212. urtean aldarrikatu zen. Aldarrikapen horren