Stein 1 OK:Maquetaci贸n 1 02/07/13 13:02 P谩gina 20
20
P ETER G. S TEIN
interpretatzeko orduan, eurentzat ez zen garrantzitsua hitz berberek esanahi desberdina izatea testu desberdinetan. Prokuleiarrek, bestalde, testu guztien interpretazio hertsiaren alde egiten zuten, eta behin eta berriz adierazten zuten hitzek eta esaldiek kasu guztietan esangura bakar eta iraunkorra izan behar zutela. Idatzi gabeko zuzenbidearen kasuan, prokuleiarrek onartzen zuten hori erregela logiko eta koherenteen sistema zela, eta, ondorenez, erregelen atzean zegoenari erreparatuz gero, jakin zitekeela erregela horien zein printzipiotan oinarritzen ziren. Horrela, prokuleiarrek analogia erabil zezaketen, zuzenbidea kasu batzuetatik besteetara hedatzeko. Zein eskolatakoak ziren kontuan hartu gabe, juristek ez zeukaten konfiantzarik printzipioen formulazio generikoekin. Horren arrazoia ez zen, ordea, printzipioak formulatzeko gauza ez izatea. Haatik, juristek hauxe uste zuten: zenbat eta zabalagoa izan formulazioa, orduan eta gehiago izango ziren hori aplikatzeko salbuespenak. Horrela, arriskua zen zuzenbidea zerbait zehaztugabe eta aurreikusezin bihurtzea.
Zuzenbidearen antolaketa Zuzenbide klasikoaren prestakuntza kasuetan oinarritu zen denbora luzez, kasu horiek egiazkoak izan nahiz hipotetikoak izan; eskoletan asmatutakoak, adibidez, hipotetikoak ziren. Kasuetan oinarritutako sistema hori, ezinbestean, korapilatsu eta konplexu bihurtu zen, eta kategorien araberako sistematizazioa eta sailkapena egitea nahitaezko gertatu zen. Zuzenbidea nolabait antolatzeko prozesu horri hasiera eman zitzaion Errepublikaren azken aldietan, eta, sailkapenak egiteko orduan, metodo greziarren eragina begibistakoa izan zen. Greziarrek eurek ez zizkioten teknika horiek aplikatu euren zuzenbideari; horren arrazoiak izan zitezkeen, bateko, jurista profesionalik ez egotea, eta, besteko, haien sistema juridikoa garatzeko zaila izatea. K. a. 100. urtean, gutxi gorabehera, Quintus Scaevola izeneko juristak tratatu laburra argitaratu zuen zuzenbide zibil osoari buruz. Liburuaren lehenengo zatia testamentuei, legatuei eta testamenturik gabeko oinordetzari buruzkoa izan zen. Zati horrek, gutxi gorabehera, lan osoaren laurdena betetzen zuen. Kausatzailearen jarauntsi edo oinordetzaren inguruan, hainbat arazo gertatzen ziren, eta, maiz-sarri, halako arazoak izaten ziren beste edozein kasutan baino eztabaida gehiago sorrarazten zituztenak. Familia, batasun moduan hartuta, gizarte-ordenaren uztarria zen. Hori aintzakotzat hartuta, tes-