Stein 1 OK:Maquetaci贸n 1 02/07/13 13:02 P谩gina 15
Zuzenbide Erromatarra antzinaroan
15
bildu ziren osperik handieneko juristen iritziak. Horrela, iritzi horiek erreferentzia moduan har zitezkeen, etorkizunean antzeko kasuak gertatuz gero. Juristak zuzenbide pribatuaz arduratu ziren batik bat, eta arreta txikia jarri zuten gai publikoetan, penaletan edota erlijio-gaietan. Azken gai horiei buruzko zuzenbidea zuzenbide zibilaren esparrutik kanpo geratu zen, eta, ondorenez, zuzenbide zibila zuzenbide pribatuaren sinonimo bihurtu zen.
Inperioa eta zuzenbidea Errepublikaren azken mendean zehar, nahastea eta gatazka izan zen nagusi: batzuek konstituzio tradizionalari eutsi nahi zioten, zuzendaritza politikoaren ahulezia bereganatzen zuten bitartean; eta beste batzuek nahiago zuten gobernua sendotzea, nahiz eta horretarako egitura juridiko tradizionalak bertan behera utzi. Julio Zesarren agintaldian zehar arazoa argitu zen. Izan ere, Julio Zesarrek argiro-argiro gutxietsi zituen Errepublikaren erakundeak: eraila izan zen, K. a. 44. urtean. Konspirazioaren arduradunak, Bruto eta Casio, herritarren pretorea eta pelegrinen pretorea ziren, hurrenez hurren, une horretan. Errepublikaren ordez Inperioa ezarri zenean, lehenengo enperadoreak, Augustok, presa handia hartu zuen mendekoak lasaitzeko; eta, horretarako, Errepublikaren konstituzioan ezarritako egitura politikoa iraunaraziko zuela baieztatu zuen. Erregimen berriaren lehenengo uneetan, herri-biltzarra beti bezala bildu zen, aurretiaz egin izan zuen moduan. Nolanahi den ere, herribiltzar horrek ez zeukan behar besteko funtsik, ordezkaritza-gastuei aurre egiteko; gainera, nahitaezkoa zen herritarrak bertaratu eta haren eztabaidetan parte hartu nahi izatea. Hori guztia dela eta, praktikan, Erroman bizi zen jendailaren topaleku bihurtu zen herri-biltzarra. Enperadoreek diskrezioz saihestu egin zuten biltzarrari legegintza-proposamenik garrantzitsuenak aurkeztea. Horren ordez, Senatuaren ebazpenek lege-indarra eskuratu zuten; senatukide gehienak, sasoi hartan, antzinako magistratuak ziren. Pretorearen ediktuak prestakuntza-maila handia erdietsi zuen, eta, ondoz ondoko pretoreek urtero-urtero ediktua argitaratu arren, nekez hobe zitekeen halakoa urte batetik bestera. II. mendearen hastapenetan, Adriano enperadorearen agintaldian zehar, Juliano juristak iraunkortasunez itxura berria eman zion ediktuari. Ediktuaren hasieran, formuletako akzioentzat diseina-