Stein 1 OK:Maquetación 1 02/07/13 13:02 Página 7
Zuzenbide Erromatarra antzinaroan
7
Pontifizeek hiru salmenten erregela interpretatu zutenean, interpretazio horren emaitza izan zen aitak bere semea emantzipatzeko aukera izatea. Aitak bere semea lagun bati hiru aldiz saltzen ziolako itxura egiten zuen; salmenta bakoitzaren ostean, lagunak aske uzten zuen semea, eta, horrela, seme horrek askatasuna eskuratzen zuen hirugarren aldian, “XII Taulak” izeneko legean ezarritako erregelari esker. Horretara, arauaren interpretazioa zuzenbidea aplikatzeko modu bat izan daiteke, betiere jatorrizko helburuaz beste bat betetzen duela. Zernahi gisaz, interpretazioak harago ere egiten zuen. “XII Taulak” izeneko legeak semeak bakarrik aipatzen zituen, eta, beraz, alabak eta ilobak nahi beste aldiz sal zitezkeen. Hala eta guztiz ere, behin erregela emantzipazioari buruzkoa zela ulertuta, jarraikoa defendatu zen: semeen kasuan, nahitaezkoa zen hiru salmenta egitea; ez, ordea, alaba eta iloben kasuan, halakoetan nahikoa baitzen salmenta bat bakarrik, emantzipazioa gerta zedin. Zalantzarik gabe, herritar gehienek ulertu zuten “XII Taulak” izeneko legearen arauak egokitu egin zirela, eta, egokitze horren eretzean, dezenbiroek hura idaztean izan zuten helburua aldatu eta beste helburu bat lortu nahi zela. Dena den, juristarik kontserbadoreenak ere eroso zeuden honako ideia honekin: emantzipazioa bazegoen jasota, ez esanbidez, bai, ordea, isilbidez, “XII Taulak” izeneko lege horretan, eta, ondorenez, ez zen ulertu behar legea oso-osorik eraldatzen zenik.
Pretorea eta konponbideen gaineko kontrola Errepublika-garaiaren zatirik luzeenean, zuzenbidea garatu zen, ez hainbeste legegintza eta interpretazioaren bitartez, ezpada lege-konponbideen gaineko kontrolaren bitartez. Jatorrian, akzio juridikoaren lehenengo zatia tekniko eta formala zen; akzio-kopurua mugatuta zegoen, eta, guztietan ere, hasteko, ahozko adierazpena egin behar zen, aurretiaz zehaztutako baldintzetan, eta betiere magistratuaren eta demandatuaren aurrean. Demandatzaileak baldintza zehatz horiek bete ezik, bere akzioa gal zezakeen. Akzioak egun jakin batzuetan bakarrik jar zitezkeen. Kontua da, berriro ere, pontifizeek bakarrik jakiten zituztela baldintza horien gorabeherak. Hala izan zen, formulak eta egutegia argitaratu arte. Tradizioaren arabera, argitalpena K. a. 300. urtean gertatu zen, gutxi gorabehera, pontifizeengana jotzeko aukera plebeioei zabaldu zitzaienean.