Stein 1 OK:Maquetación 1 02/07/13 13:02 Página 6
6
P ETER G. S TEIN
Zuzenbidea interpretazioaren bidez garatzea Errepublika-garaian zehar, “XII Taulak” izeneko legeak zenbait aldarazpen izan zituen. Hala nola, zorduna epaiketa bidez kondenatua izan zenean zorra ordaintzera, zordun horren hartzekodunek ez zeukaten baimenik hura hiltzeko; aitzitik, zordunari ahalbidetu behar zioten, derrigortutako lanen bitartez, zorra ordain zezan. Areago oraindik, geroago prozedura zehatza ezarri zen, zordunaren porrota adierazteko, haren ondasunak nahitaez salduta, hartzekodunen mesederako. “XII Taulak” izeneko legearen aldarrikapenetik bostehun urte geroago, erromatarrak harro-harro jartzen ziren, lege horri berriro erreparatuz gero. Ildo horretatik, Tito Livio historialariak legeari buruz adierazi zuen “zuzenbide publiko eta pribatu osoaren iturria” zela; eta Zizeronek baieztatu zuen haur guztiek buruz ikasi behar zutela lege hori. Erromatarren iritziz, euren zuzenbidea ospe handikoa zen, eta iritzi hori guztiz sustraituta zeukaten. Haien aburuz, euren zuzenbidea aspaldi-aspalditik izan zen Erromako bizitza itxuratzeko oinarrizko osagaia. Aldi berean ere, zuzenbide horretan konfiantza zuten, zuzenbide horrek erromatarrei ahalbide ziezaien, eurek nahi zuten beste egitea, betiere egin beharreko hori zentzuzkoa zenean. Errepublikaren lehenengo aldietan, pontifizeei zegokien zuzenbidea interpretatzeko ardura, zuzenbide hori idatzi gabeko Ius hori izan nahiz “XII Taulak” izeneko Lex hori izan. Pontifizeek esangurarik zabalenean “interpretatu” ahal zuten zuzenbidea, eta, are gehiago, erakunde berriak sor zitzaketen, aurreko zuzenbidean erakunde berri horiek ezezagunak izan arren. Interpretaziorako gaitasun horren adibide ona izan daiteke ondorengoak euren gurasoen ahalmen-esparrutik emantzipatzea. Paterfamilias deiturikoak bere ahalpean zituen ondorengoak, eta ahal horrek iraun egiten zuen harik eta hura edo horiek hil arte. “XII Taulak” izeneko bilduma indarrean egon zen bitartean, ez zegoen inolako lege-mekanismorik, harreman horiek borondatez hautsi ahal izateko. Aitak bere semeak esplotatu ahal zituen eta horiek sal zitzakeen, behartutako lanak egin zitzaten. “XII Taulak” izeneko legeak agindu zehatza jaso zuen, eta agindu horren helburua zen, agidanez, ahalmen horretaz abusa zedin saihestea. Agindu horren arabera, aitak hiru aldiz semea salduz gero, semea aske geratzen zen. Salmenta anizkoitz horiek onargarriak ziren, honako hau ere ezarrita zegoelako: semearen erosleak seme hori aske utziz gero, semea aitaren ahalpera itzul zitekeen.