Doktrina - Zuzenbidearen Historia - Stein

Page 20

Stein 1 OK:Maquetaci贸n 1 02/07/13 13:02 P谩gina 1

ZUZENBIDE ERROMATARRA ANTZINAROAN

XII Taulen legea Historia ezaguna hasten denean, Erroma monarkia zen; edonola ere, K. a. VI. mendearen bukaeran, errege-erreginak kanporatuak izan ziren, eta, monarkiaren ordez, errepublika ezarri zen. Garai hartan, Erroma erkidego txikia zen, Tiber ibaiaren ezkerraldean, horren estuariotik hurbil. Greziarrek Troiako hiria arpilatu zutenean, hainbat lagunek ihes egin zuten bertatik, eta ihes egin zuten horietatik batzuen ondorengoak zirela uste zuten erromatarrek. Erromatarron zuzenbidea, aldi hartan, idatzi gabeko ohituren multzoa zen. Ohitura horiek belaunaldiz belaunaldi ahoz eskualdatzen ziren. Erromatarren aburuz, ohiturok euren herri-oinordetzaren zati ziren. Nolanahi den ere, lege horiek Erromako herritarrei bakarrik aplikatzen zitzaizkien (ius civile izenekoa cives deiturikoen zuzenbidea da, hots, herritarren zuzenbidea). Zalantzak sortzen zirenean ohiturazko erregela kasu zehatz batean aplikatzeko, erabakigarria zen pontifizeen elkargoak egindako interpretazioa; aristokrata-talde horren ardura zen erlijio-kultu ofizialak iraunaraztea. Herritarren artean, bi gizarte-talde bereiz zitezkeen: patrizioena eta plebeioena. Patrizioen taldea nahiko txikia zen, eta jatorriz noble ziren lur-jabeek osatzen zuten talde hori. Plebeioen taldea zenbakiz handiagoa zen, baina askoz ere abantaila gutxiago zituen talde horrek hainbat arlotan. Pontifize guztiak patrizioak ziren, eta, zentzuzkoa denez, plebeioen susmoa zen, pontifizeek egintza zehatz batzuen baliozkotasunari buruz erabakitzen zutenean, erabaki horiek beti bidezkoak ez zirela. Plebeioen iritziz, kasuak gertatu baino lehenago, ohiturazko zuzenbidea idatzita egonez gero, hori plebeioen mesederako izango zen. Egoera horretan, euren lege-egoera zein zen jakingo zuten, pontifizeei hori kontsultatu gabe. Horrela, pontifizeen interpretazio-ahalmena legearen hitzez-hitzezkotasunari mugatuta geratuko zen.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.