Stein 4 OK :Maquetación 1 02/07/13 13:09 Página 135
Zuzenbide Erromatarra eta kodeketa
135
Alemaniako eskola historikoa XVIII. mendearen azken aldera, grinarik gabeko so egile orok pentsa zezakeen zuzenbide erromatarra ez zela oinarrizko osagaia europarren ikusmoldean. Zernahi gisaz, oraindik ere zuzenbide erromatarrak eratorritako hainbat hitz erabili ohi zituzten haiek, hala diskurtso moral nahiz politikoan, nola nazioarteko diplomazian. Ulerbidez, 1789an Thomas Jeffersonek Paristik idatzi zionean Ameriketan zegoen James Madisoni belaunaldiz belaunaldi berrikus zezan Estatu Batuetako Konstituzioa, azpimarratu zuen ageri-agerikoa zela «lurra gozamenpean dagokiela bizidunei». Common Laweko juristek ez zuten erabili gozamen hitza, baina Jeffersonek uste zuen gizaki trebatuak erraz uler zezakeela termino hori. Edonondik begira dakiola ere, bazirudien zuzenbide erromatarraren betiko eginkizuna, alegia, ideia juridikoen iturri izatea, kodeak aldarrikatzean amaitu zela; are gehiago, zuzenbidea kodetzeke zegoen tokietan ere, garrantzirik gabeko zuzenbide zaharkitu gisa ikusten zen. Garai horretan, J. W. Goethek ahate batekin alderatu zuen zuzenbide erromatarra. Batzuetan, nabari agertzen da, ur gainean igeri; beste batzuetan, berriz, ezkutatu egiten da, urpearen sakontasunean murgilduz. Baina hor da beti. Lehen kolpean bazirudien, beraz, Antzinaroa ikertzen zuten adituek aztertutako gaia baino ez zela zuzenbide erromatarra, baina une zehatz horretan, indar berria erdietsi zuen bat-batean. XIX. mendearen hasieran zuzenbide erromatarrak izan zuen birloratze ikusgarri hori kodetzearen eta horrek ekarritako kontzeptu juridikoen kontrako erantzunaren ondorio izan zen. Birloratze hori hasi zen Edward Gibbonek idatzitako Decline and Fall of the Roman Empire lanarekin; hasierako liburukiak 1776an agertu ziren. Berrogeita laugarren kapituluan Gibbonek hauxe baieztatu zuen: «nazio bateko legeek bertako historiaren zatirik irakasgarriena osatzen dute». Jarraian ondokoa aztertu zuen: «ia mila urteko iraultza, XII Tauletatik Justinianoren garaia arte» eta tarte hori hiru epealditan zatitu zuen; epealdi bakoitzean jarduera juridiko zehatza gauzatzen zen. Epealdirik kontuzkoena erdikoa (edo klasikoa) izan zen. Gotingako Gustav Hugok kapitulu hori alemanera itzultzean, ikusi zuen zuzenbidean aurretiaz gehien erabili zen metodoari ekin beharrean, Gibbonek Montesquieuren sistemaren alde egin zuela, erakunde juridikoak gizarte bakoitzaren inguruabar jakinekin lotuta.