Stein 4 OK :Maquetación 1 02/07/13 13:09 Página 133
Zuzenbide Erromatarra eta kodeketa
133
Pothier eta Frantziako kode zibila Kodetze-mugimenduaren emaitzarik ezagunena ez zen jaio prozesu luze baten ondoren, Prusia eta Austriako kodeekin gertatu bezala. Izan ere, Frantziako Iraultzaren helburuetako bat zen Kode zibila aldarrikatzea, baina hasieran horren alde egin zutenen xedea eta Federico Handiarena aurrez aurrekoak ziren. Ancien Régimeren oinarri zen egitura juridikoa desagerrarazi nahi zen, horren ordez askatasun-, berdintasun- eta anaitasungrinak adierazteko kode laburra eta soila jarrita. Biltzar eratzaileak ezezkoa eman zien bi proiektuei, 1799. urtean Napoleonek boterea eskuratu zuenean. Berak lau kidez osaturiko batzordea izendatu zuen, bi ohiturazko zuzenbidearen esparrutik etorritakoak, eta beste biak zuzenbide idatziaren alorretik, guztien artean Kode zibila presta zezaten, sistema bakoitzetik alderik onenak hartuta. Zorionez, Frantziako kodearen idazleek material zeharo baliotsua izan zuten eskura, hain zuzen ere, Robert Joseph Pothier magistratuaren lana (1699-1772); antzinako erregimenaren alde eta iraultzaren aurka zegoen magistratu argitsu horrek Orleanseko eragin nabaria jaso zuen. Kode zibila prestatzeko, aldez aurretik lan xehea burutu behar zen, eta ataza hori Pothierrek aurreratu zuen, gaztaroan zuzenbide erromatarra eta ohiturazkoa ordena arrazional eta erabilgarri bihurtzeko xedea jarri zionean bere buruari. Hasteko, Justinianoren Digestoak azaldutako arazoa jorratu zuen. Jatorrizko tituluei eutsi bazien ere, titulu bakoitzeko zati guztiak berrantolatu zituen hurrenkera logiko baten arabera, titulu bakoitzari bere sarrera gehituz; horrez gain, pasarte desberdinak lotu zituen, testuaren zatiak batuta. Lehenik eta behin, Pothierrek antzinaroko zuzenbide erromatarra aztertu zuen, testuak balio orokorreko printzipio arrazionalen azalpen gisa aurkeztuz. Erregela orokorrei buruzko azken tituluari heldu zionean, horien kopurua handitu zuen, Justinianoren 211 erregelen ordez, 960 jarrita; erregela horiek guztiak bost epigrafeetara bildu zituen: erregela orokorrak, pertsonei aplikatzeko erregelak, gauzei aplikatzekoak, akzioei buruzkoak eta zuzenbide publikoko erregelak. Beraren ustez, titulu berria «Digesto osoaren aurkibide unibertsala» izan zitekeen. Pothierren lanaren emaitzak 1748 eta 1752. urte bitartean agertu ziren, eta horiei esker, autore horrek entzute handia erdietsi zuen nazioarte mailan.