Stein 4 OK :Maquetación 1 02/07/13 13:09 Página 130
130
P ETER G. S TEIN
Lehenengo kodeketak Alemanian eta Austrian Estatuko zuzenbidea kodetzeko lehenengo ahaleginak aleman mintzairako herrietan egin ziren. Kode osatu zaharrenak Bavierako Dukerrikoak izan ziren, Max Joseph III. hauteslearen kantzilerra zen W. X. A. von Kreittmayr-ek egindakoak. Lehen-lehenik, Zigor Kodea eta Prozedura Zibilaren Kodea egin zituen, eta gerogarrenean, 1756an, Kode Zibila, Codex Maximilianeus Bavaricus civilis izenekoa. Kode hori praktikoa zen, aleman argian idatzita zegoen, eta bertan ez zen egiten zuzenbide naturalaren teoriari buruzko aipamen handirik. Ius communeren Bavierako hurrenkera sistematizatu zuen, Erakundeetako ereduari ekinez, eta, bide batez, gai eztabaidatu batzuk konpondu zituen. Izan ere, Prusia eta Austriako kodeak kontsulta anitzen ondorio izan ziren. 1714. urtea aldera, Prusiako Federico Guillermo I. erregeak oraindik lurralde sakabanatuen multzo hutsa zenaren tronua eskuratu zuenean, Halleko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatera jo eta bertako kiderik ospetsuenari, Christian Thomasiusi, eskatu zion hiru hilabeteko epean zuzenbide pribatuari buruzko agiri «ulergarria» egitea. Proiektu horrek ez zuen argirik ikusi, eta Federico Guillermo I.aren adoreak beste bide bat hartu zuen; hogeita lau urte beranduago, alabaina, justizia-ministroa zen Samuel von Coccejiri txosten berria prestatzeko agindu zion. Thomasius ez bezala Cocceji eskarmentudun erromanista zenez gero, zuzenbide erromatarra gailentzen saiatu zen, baina herriaren iritzia horren kontra zegoen. Iritzi horren ariora, auziak luzatzen ziren eta auzitegiek itxuraz nahierako erabakiak hartzen zituzten, abokatu eta epaileak zuzenbide erromatarrean hezi zirelako. Federico Handia bere aitaren oinordeko bihurtu zenean, alemanez idatzitako kodea izan nahi zuen; horren oinarriak «arrazoi naturala eta herriaren izaera» izan behar ziren, eta zuzenbide erromatarra kontuan hartuko zen horiekin bat etorriz gero bakarrik. Idazle garrantzitsuena Carl Gottlieb Suarez izan zen, Christian Wolffen diziplinarekin bat zetorrena; horren arabera, gobernadoreari zegokion mendekoak bizitza bikain eta arrazional batera eramatea, bertan gizabanako bezain herritar onak izan zitezen. Horrezaz landara, Prusiako kodeak heziketarako ere balio behar zuen, eta horren jasotzailea kaleko gizakia izango zenez, ulergarria, argia eta zehatza izan behar zen.