Stein 4 OK :Maquetaci贸n 1 02/07/13 13:09 P谩gina 128
128
P ETER G. S TEIN
gero, horien gaineko erantzukizuna izango du, doloz edo erruz jardun duenean. Hala ere, borondatezkoak ez ziren betebeharrek ere erantzukizun pertsonalak sorrarazi ahal zituzten, Justinianoren Erakundeetan kuasikontratuzko betebehar moduan sailkatutakoak, hain zuzen ere. Oinarrian, halakoak ziren kontratu, delitu edo kuasidelituek eratortzen ez zituzten erantzukizun pertsonal guztiak, hala nola: tutoreek euren apopiloei begira zituztenak, edota jabekideek euren artean zituztenak; lehen, erantzukizun horiek pertsonarekin eta jabetzarekin batera arautu ziren, hurrenez hurren. Betebeharren izenburu horren barruan, Domatek eurei lotutako beste osagai juridiko batzuk ere sartu zituen, besteak beste, berme errealak eta pertsonalak, edukitza edota preskripzioa. Zuzenbide pribatuaren beste atal nagusia oinordetzari buruzkoa zen, eta horrek hurrengo erakundeak arautzen zituen: testamentuak, testamenturik gabeko oinordetza eta fideikomisoa (fideicommisa). Arraroa badirudi ere, Domaten eskema Alemanian erabili zen Frantzian baino gehiago, Pandektistika eta Alemaniako Kode Zibilaren aurrekari bihurtuz. XVIII. mendearen lehenengo erdian, zuzenbide naturala are abstraktuagoa azaldu zen, ondorioztapen logikoen serie huts bihurtuz; ondorioztapen horien abiaburua zen gizakiaren gizarte-izaera eta izaera arrazionala. Ikusmira horren ordezkaririk ezagunenak Christian Thomasius (1655-1728) eta Christian Wolff (1679-1754) alemaniarrak izan ziren. Thomasiusek ez zuen onartu zuzenbidearen eta moralaren arteko mugak lausotzea eta hauxe defendatu zuen: zuzenbide naturala gobernadoreari laguntzeko argudioek (consilia) osatzen dute, eta gobernadore horrek, nahi izanez gero, osagai hertsatzailea gehituko dio argudioari, zuzenbide bihurtzeko. Beste alde batetik, Wolffek zuzenbide naturalaren sistema matematiko osatua egin zuen, eginbehar moralen serieak erabilita; eginbehar horiek guztiak modu arrazionalean ondorioztatzen ziren, gizartean bizi direnek onartutako printzipio moral orokorretatik.
Kodetze-mugimendua XVIII. mendean, Ilustrazioaren mugimendu intelektual ospetsuak inguratu zuen zuzenbide zibil erromatarra. Zuzenbide natural arrazionalistaren filosofiari ekinez, lege-multzo osatua modu soil eta arrazional batean antolatu behar zen, konplexutasunak baztertuz, eta hori aldarrikatzeko, nahikoa zen printzeak hala nahi izatea. Gobernadoreen kezka nagusia, aldiz, euren lurren gaineko boterea sendotzea baino ez zen, zuzenbide erromata-