Stein 4 OK :Maquetaci贸n 1 02/07/13 13:09 P谩gina 121
ZUZENBIDE ERROMATARRA ETA KODEKETA
Zuzenbide Erromatarra eta nazio-zuzenbideak 1653. urtean, Arthur Duck zibilista ingelesaren liburua agertu zen (De usu authoritate iuris civilis Romanorum in dominiis principium Christianorum); bertan aztertzen zen kristau printzeen erreinuetan zuzenbide zibilak zer-nolako erabilera eta agintea zituen. Datu zehatz horietatik abiatuta, zibilista horrek azaldu zuen zenbateraino jaso zen zuzenbide zibila Europako herri desberdinetan. Herri horietan baziren ideia erkide batzuk zuzenbidearen izaerari buruz, eta Duckek ideia horiek plazaratu nahi zituen. Ohitura bakarrik kontuan izan beharrean ekitatea ere bilatu nahi bada, baieztatu zuen Duckek, nazio-legeriarik aproposena Erromako zuzenbide zibila izango da, horrexek biltzen baitu kontratu, testamentu, delitu, epaiketa nahiz bestelako giza ekintzari buruzko arauen multzorik osatuena. Zuzenbide zibilaren eduki zehatza herriz herri aldatzen zen. Epaien bildumek agerian utzi zuten auzitegietako egineretan (usus fori deiturikoetan) aspalditik nahasten zirela zuzenbide zibil erromatarra eta eskualde zein herri bakoitzeko ohiturazko zuzenbidea. Unibertsitateetako irakaskuntza, bestalde, zuzenbide zibilari lotu zitzaion betidanik, ohiturari lepoa emanez. XVII. mendearen erdian, alabaina, unibertsitateetan zuzenbide zibila toki bakoitzean ulertzen zen bezala jorratu behar zen; zuzenbide fakultateek, berebat, zuzenbide erromatarraren zein tokiko zuzenbidearen nazio-osagaiak onartu zituzten. 1650ean Aboko unibertsitatean (Turku) irakaslea zen Michael Wexioniusek Suediako zuzenbide zibil erromatarra ikertzeko sarrera argitaratu zuen (Iuris civilis Sveco-Romani); unibertsitate hori hasieran Finlandian zegoen, gero Suediaren zati bihurtzeko. Zernahi den ere, Holandako irakasleek garatu zuten nazio-zuzenbidea beste inork baino gehiago, ikusi dugun moduan. Van Leeuwenek 1664an idatzitako liburua