Stein 3 OK:Maquetación 1 02/07/13 13:07 Página 109
Zuzenbide Erromatarra eta estatu-nazioa
109
Eginera judizialak, zuzenbidearen iturri gisa Auzitegiak guztiz profesionalak bihurtu ziren heinean, argiago atzeman zitezkeen eurek aplikatutako zuzenbidean agertzen ziren osagai zibilak eta ohiturazkoak. Onartu zen auzitegi bakoitzak bere eginerak zituela, auzitegietako ohitura edo usus fori osatzen zutena, eta hori frogatzeko, auzitegien erabakietara bakarrik jo zitekeela. Auzilariek, beraz, erabaki horiek ezagutu behar zituzten, batez ere epaiak «ziodunak» zirenean, hau da, auzitegiak erabakia emateko arrazoiak azaltzen zituenean, zein aginteri eusten zion zehaztuz. Europan halako epaiak emateko auzitegi ospetsuena Erromako Rota zen; herri guztietako eliza katoliko erromatarraren gora-jotzeak ez ezik, auzitegi horrek aita santuaren estatuetan sortutako arazo sekularrak ere aztertzen zituen. Rotako epaien bildumak XIV. mendetik argitaratu ziren, auzitegia Avignonen zegoenean. Lehenengo biltzailea Thomas Fastolf deitutako auditore (edo epaile) ingelesa izan zen; horrek oso ondo ezagutzen zuen aurrekari judizialak year books izenekoetara biltzeko eginera ingelesa. Auzitegi sekularrek euren erabakien arrazoiak azaltzen ez zituztenean, epaile bakoitzak berak aukeratutako erabakiak bildu eta argitaratzen zituen; horretara, gero eta errazagoa zen erabakiok inprimatzea. Grenoblen, Dauphinéko Parlamentuko epaile batek, Guy Papek, auzitegiaren erabakien bilduma egin zuen, 1490ean argitaratu zena, berori hil eta gero. Dauphine Droit écrit deitutakoaren eremu bat zenez gero, Paperen bilduman zuzenbide zibilaren nahiz kanonikoaren testuak ekarri ziren hizpidera, baita horiei buruzko iruzkinak ere. Italiako auzitegi sekular baten bildumarik antzinakoena, berriz, Matthaeus de Afflictisek Napoleseko Decisiones Sacri Regii Consilii deitutakoen inguruan eginiko liburukia izan zen, 1499. urtean argitaratu zena. Reichskammergerichtek hartutako erabakien arrazoiak ez ziren azaltzen eta 1563. urtean Joachim Mynsingerrek, auzitegi horretako aspaldiko magistratuak, Singularium observationum indicii imperialis camerae centuriae quattuor izeneko lana argiratu zuen; auzitegiko beste magistratuen hasierako atsekabea alde batera utzita, kasu zehatz batzuetan auzitegiak emandako erabakien arrazoiak azaldu zituen Mynsingerrek lan horretan. Azken helburua zen auzitegiaren ospea goraipatzea, eta, horretarako, Mynsingerrek Ius communeren autorerik onenak izan zituen gogoan, horien erabakien arrazoiak azaldu ez arren.