Stein 3 OK:Maquetaci贸n 1 02/07/13 13:07 P谩gina 87
Zuzenbide Erromatarra eta estatu-nazioa
87
bidezko edukitzak kentzeko erabilitakoa. Demandatua ez zen agertu zehaztutako egunean eta Satanek auzi-ihesa eskatu zuen. Kristok, alabaina, geroratzea eman zuen, ekitatean oinarrituta eta epaile orok dituen nahierako ahalmenak erabilita. Hurrengo egunean Andra Maria agertu zen, gizateriaren abokatu moduan. Satanek gaitzetsi zuen, lehendabizi emakumezkoa izateagatik ezin zelako abokatu izan, eta, bigarrenez, epailearekin harremanak zituelako. Kristok gaitziritzia eman zion aurkajartze horri. Andra Mariak argudiatu zuen Satanek edukitze-baimena zuela, baina Jainkoaren intereserako bakarrik, eta Kristok ezezkoa eman zion actio spolii izenekoari. Orduan Satanek erreibindikazio-akzioa erabili nahi zuen, ulertu baitzuen gizateriaren gaineko eskubidea zuela, jatorrizko bekatuaren ondorioz eta Jainkoak Adani esan ziolako fruitu debekatua jatean hil egingo zela. Andra Mariak salbuespena (defentsa) azaldu zuen, ondokoa baieztatuz: Satanek berak ekarri du gizakiaren erortzea, eta, ondorenez, ez dauka inolako legitimaziorik egintza horretatik etekinak ateratzeko. Satanek hauxe argudiatu zuen (salbuespenari erantzunez): hori horrela izatera, gizateria epailearen esku-hartzearen bidez (officio iudicis) kondenatu behar da, justiziak ez baitu ahalbidetzen krimena zigorrik gabe geratzea. Andra Mariak erantzun zuen horretara demandatzaileak legearen kontra aldatzen zuela bere azalpena, eta jarraian, argudio erabakigarri hau aurkeztu zuen: Kristok nahita sufritu duenean gizateriaren izenean, justizia asebete da. Azkenean, Satanen uziek gaitziritzia jaso zuten. Egin-eginean ere, gai teologiko bat auzitegietako prozedura moduan jorratzea berezkoa zen garai hartan, teologia eta zuzenbidea Europako kristau-kulturaren arlo bertsu bezalaxe hartu baitziren.
Humanismoaren eragina XV. mendearen amaieran, Europa osoan gero eta eragin handiagoa zuen bartolistek garatutako Ius Communek, eta, aldi berean, unibertsitate berriak eratzen ari zirenez, gero eta jurista gehiago hezi ziren ikasketa tradizionalen esparruan. Edonondik begira dakiola ere, Ius commune berria zenbatenaz egokitu garai hartako arazoak konpontzeko, hainbatenaz aldentzen zen Justinianoren zuzenbidetik, eta horrexek eratorri zuen haren agintea. Zuzenbide hori erabiltzen zutenek ez zuten beste ezer behar, eta euren ustetan, testu, glosa eta iruzkinekin nahikoa zen zuzenbidea goitik behera uler-