Stein 2 OK :Maquetaci贸n 1 02/07/13 13:05 P谩gina 81
Justinianoren zuzenbidea berpiztea
81
Entzute handikoa izanda, Dantek punta-puntako tokia erreserbatu zion Justinianori bere lanetan, bai Paradiso deitutakoan, 6 eta 7. liburuetan, baita lan politikoetan ere; azken horietan Corpus iurisa eta arrazoia parekatu zituen. Danteren zein San Tomasen pasarte anitzek erakusten dute Corpus iuriseko testuetatik ateratako esaldiak gerogarrenean hizkera orokor jakintsuaren zati bihurtu zirela, baita jurista ez zirenen artean ere.
Orleanseko eskola Accursioren glosa argitaratu ondoren, Bolognan zuzenbide zibila ikasteari ekin zitzaion, baina lehengo berezkotasun eta adorerik gabe. XIII. mendearen bigarren erdian, Justinianoren testuak aztertzeko topagunea Orleansera lekualdatu zen; egin-eginean ere, aita santuak Parisen halakoak ikastea debekatu zuen eta debeku hori aldarrikatu zenetik, zuzenbide zibilaren ikasketak sekulako bultzada izan zuen Orleansen. Italiako irakasleek eman zituzten lehendabiziko eskolak, 1240. urtea inguruan. Ezagunena Guido Cumiskoa izan zen; Accursiok Bolognan azterketa jarri zionean, Guido ausartu zen glosa baten zuzenketa zalantzan jartzen, eta horren ostean, pentsatu zuen on izango litzatekeela Frantziara joatea. Orleansi bere ospea eman zioten bi maisuek, Jacques Revignykoa (Jacques de Revigny) eta Pierre Belleperchekoa (Pierre de Belleperche) Orleansen ikasi zuten. Ez zuten beste munduko berrikuntzarik ekarri zuzenbide zibila irakasterakoan, baina eite bateko joerak sartu zituzten, Bolognan berriak zirenak, batez ere arrazoinamendu dialektikoaren erabilera. Testuen aipamen jakintsua egin beharrean, bertsio askeagoa erabili zuten, argudio logikoetan oinarritutakoa; ildo bertsutik, analogiaren bidez usu zabaldu zuten testuaren ratioa Bolognako juristek onartutako mugetatik at. Quaestiones de facto izenekoak egitezko kasuek eratorritako arazoen gaineko eztabaidak ziren (hipotetikoak izan zitezkeen arazoen gainekoak), eta kontuzko lekua zuten ikasketa-planetan; halako batzuk tokiko ohituraren ondoreei buruzkoak ziren. Jacques eta Pierre apaizak izanik, bi-biek erdietsi zuten gotzain bihurtzea. Egin-eginean ere, zuzenbide zibila ez zuten jorratu zuzenbide kanonikoa bezala. Euren ikaslerik gehienak apaizak ziren, eta epealdi labur batean, iparraldeko Bologna bihurtu zuten Orleans.