5. Berdintasun-printzipioa partikularren artean proiektatzea Berdintasun-printzipioa partikularren arteko harremanetara ere luzatzen da, horiek ere Konstituzioaren eta antolamendu juridikoaren gainerako arauen mende baitaude (EKren 9.1 art.). Hala ere, printzipio horren eragingarritasuna txikiagoa da partikularren arteko harremanetan botere publikoekin dauden harremanetan baino, baina horrek ez du esan nahi partikularrak printzipio honen aplikazio-esparrutik eta Konstituziora bildutako bereizkeriaren debekutik kanpo daudenik (uztailaren 16ko 128/1987 KAE). Egia da printzipioaren eragingarritasuna partikularren artean ñabartuagoa dela, borondatearen autonomiatik eratorritako beste balio batzuekin bateragarria izan behar baita (martxoaren 9ko 34/1984 KAE; urriaren 10eko 177/1988 KAE; urriaren 19ko 171/1989 KAE; martxoaren 9ko 28/1992 KAE). Baina, edonola ere, subjektu pribatuen autonomia pribatua mugatuta dago «konstituzio-ordena publikoa» izenekoaren aurkako bereizkeriak egiteko debekua dela bide. Beraz, partikularra zuzenean ukitzen du EKren 14. artikuluan esanbidez aipatutako arrazoiengatik bereizkeriaz jokatzeko debekuak —jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta— (ekainaren 8ko 108/1989 KAE). Zalantzarik gabe, lan-esparruan garatu da modu berezian partikularren arloko bereizkeriaren aurreko babes eragingarria. Modu horretan, Konstituzio Auzitegiak berdintasun-printzipioa urratzen zuten kaleratzeak erabat deusezak zirela adierazi zuen aspaldi (azaroaren 23ko 38/1981 KAE, azaroaren 22ko 69/1982 KAE, etab.). Modu berean, lan arloko legegileak ezarri du Konstituzioan eta Legean ezarritako bereizkeria-arrazoietakoren bat eragile gisa duen kaleratze oro deuseza izango dela (LEren 55.5 art. eta Lan Prozedurari buruzko Legearen 108.2 art.), eta kontratua arrazoi objektiboengatik azkenduko balitz, azkentzeko erabakia deuseza izango da bereizkeriazkoa denean, hau da, Konstituzioan edo Legea debekatutako bereizkeria-arrazoiren bat eragilea izan denean, eta agintari judizialak adierazpen hori ofizioz egin beharko du (LEren 53.4 eta LPLren 122.2.c. art.). Bestalde, Langileen Estatutuaren 17.1. artikuluaren arabera, «Erregelamendumanuak, hitzarmen kolektiboetako klausulak, banakako itunak eta enpresaburuak alde bakarrez hartutako erabakiak deusezak eta ondorerik gabeak izango dira, baldin eta zuzeneko zein zeharkako bereizkeriak jasotzen badituzte, adinaren zein desgaitasunaren ondorioz mesedegarri ez direnak, edo mesedegarri zein kaltegarri direnak, enpleguari, ordainsariei, lanaldiari edo laneko gainerako baldintzei begira, sexuarengatik, jatorriarengatik, arraza- edo etnia-jatorria barne, egoera zibilarengatik, gizarte-egoerarengatik, erlijioarengatik zein sinesmenengatik, ideia politikoengatik, sexu-joerarengatik, sindikatuei edo horien erabakiei atxikitzeagatik edo ez atxikitzeagatik, enpresako beste langile batzuekin ahaidetasun-lotura izate336
Konstituzio zuzenbidearen.indd 336
20/11/07 16:49:32