batzuei dagokienez, baina ez du garrantzirik lan berdinen kasuan alokairudesberdintasunak ezartzeko (uztailaren 22ko 136/1987 KAE), etab. d) Proportzionaltasuna: hiru faktore horiez gain, laugarren betekizun bat eskatzen da: proportzionaltasuna; izan ere, gerta daiteke arauak egitezko kasu desberdinen aurrean tratamendu desberdina egitea, xede onargarria izatea eta lortu nahi diren xedeei begira bat-etortzearen betekizuna betetzea, baina bereizkeriazkoa izatea neurriz kanpokoa delako, hau da, egitezko inguruabarren eta tratamendu desberdina justifikatzen duen xedearen artean proportzio egokia ez egotea. Lehengo adibideari berriro helduz: Herri Administrazioan desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeak ez du justifikatzen lan-eskaintza publikoan desgaitasuna duten pertsonei oposizio askeko lanpostuen edo barne sustapen bidez betetzen diren lanpostuen %95 erreserbatzea, hori erabat neurriz kanpokoa izango litzateke eta. 3.3. Ekintza positiboa Batzuetan, legegileak nahita sartzen du tratu-desberdintasunen bat herritarren gehiengoarekin alderatuta egoera makurrean dauden gizartetaldeen mesedetan, hain zuzen ere, babes-plus hori behar baitute benetako gutxiagotasun-egoera gainditzeko. Mundu anglosaxoian neurri horiei «baiezko ekintzako» neurri esaten zaie, eta gure artean, normalean, «bereizkuntza positiboko» neurri gisa ezagutzen dira. Hala ere, terminologia ez da oso egokia eta horren ordez «ekintza positiboko» neurri esan behar zaie, izen hori baitute Europako Erkidegoko zuzenbidean. Gogoan izan ditzagun, adibidez, emakumezkoak, desgaitasuna duten pertsonak, etab. lan-munduan sartzea sustatzen duten neurriak. Neurri horien barruan, bi kategoria mota bereizi behar dira: lehenengo eta behin, egoera makurrean dagoen talde jakin baten mesedetan jarduera publikoak garatzen dituztenak eta kolektibo horri mesede egiten diotenak, eta modu grafikoan esanda, «inori kalte egiten ez diotenak» (gogoan izan kolektibo hauen mesedetan emandako laguntza, diru-laguntza edo zerga-arinketak). Neurri horiekin batera, harago doazen beste batzuk daude, esaterako kolektibo horietako kideentzat kuota zehatz batzuk erreserbatzen dituztenak, kolektibokoak ez direnak erreserbatutako kuota horietatik kanpo utzita (gogoan izan dezagun lan-eskaintza publikoa, desgaitasuna duten pertsonentzat plaza kopuru jakin bat erreserbatuta duena), edo meritu-berdintasuna dagoenean edo curriculumak parekoak direnean, legegileak lanbide-esparru zehatz batean oso gutxi ordezkatuta dauden kolektiboak nahiago dituenean (adibidez, emakumezkoak). 327
Konstituzio zuzenbidearen.indd 327
12/11/07 11:49:53