urriaren 4ko 150/1990 KAE). Muga horiek gaur egun indarrean daudenak gainditzen dituzte. Tributu-betebeharrak aztertzean, azken arazo bat planteatu ohi da, hots, lege fiskalen atzeraeragineko aplikazioa. Kasu horretan, Konstituzio Auzitegiak hasiera-hasieratik onartu du, baina atzera-eragin horri ezarri ahal zaizkion mugak azpimarratu ditu, guztiak konstituzio-printzipio batzuen aplikaziotik eratorritakoak, esaterako ekonomia-ahalbidea, segurtasun juridikoa edo nahierakeriaren debekua (KAE hauek: otsailaren 4ko 6/1983, uztailaren 16ko 126/1987, urriaren 4ko 150/1990, azaroaren 19ko 197/1992, uztailaren 22ko 134/1996, urriaren 31ko 173/1996, urriaren 28ko 182/1997, azaroaren 15eko 273/2000). Amaitzeko, EKren 30. artikuluak eginbehar pertsonalekin egiten duen bezala, EKren 31.3 artikuluak ezarri du legearen arabera soilik ezarri ahal izango direla izaera publikoko prestazio pertsonal edo ondare-prestazioak; edukia legelariarentzat irekita utzi da berriro ere (adibidez, lege honetan arautu ditu: uztailaren 13ko 25/1998 Legea, Estatuko eta Tokiko Tasen Legezko Araubidea Aldatu eta Izaera Publikoko Ondare Prestazioak Berrantolatzekoa, eta horren geroko aldaketak). 2.4. Beste konstituzio-eginbehar batzuk Baina atal honen hasieran ikusi dugun bezala, Konstituzioaren lehenengo tituluko II. kapituluaren bigarren atalaren barruan, 30. eta 31. artikuluetan, zehatz arautzen diren konstituzio-eginbeharrez gain, testuan beste eginbehar batzuk ere aipatzen dira, atal horretatik kanpo, besteak beste: espainiarrek gaztelania jakiteko duten eginbeharra, «Espainiako estatuaren hizkuntza ofiziala» baita. Baina hori ez da eginbeharra soilik —jakiteko eginbeharra— (EKren 3.1 artikuluaren arabera, jakiteko eginbeharra gaztelaniaren ingurukoa baino ez da, eta ez autonomia-erkidego batzuetan koofizialak diren gainerako hizkuntzen ingurukoa; hori ez da bereizkeriazkoa Konstituzio Auzitegiaren arabera —ekainaren 26ko 82/1986 KAE—), eskubidea ere bada —erabiltzeko eskubidea—; oinarrizko hezkuntza jasotzeko eginbeharra (27.4 art.), lan egiteko eskubide-eginbeharra (35.1 art.), gurasoek seme-alabei laguntza emateko duten eginbeharra (39.3 art.), guztiek osasunaren inguruan dituzten eskubideak-eginbeharrak (43.2 art.), gizabanakoaren garapenerako egoki den ingurumena izateko eskubidea eta hori zaintzeko guztion eginbeharra (45. art.), Ganberetan azaltzeko eginbeharra, haiek hala eskatuz gero (76.2 art.), eta epaile eta auzitegien epai eta bestelako ebazpen irmoak betetzeko eta prozesuan zehar eta ebatzirikoa betearaztean, haiek laguntza eskatzen badute, laguntza hori emateko eginbeharra (118. art.). 315
Konstituzio zuzenbidearen.indd 315
20/11/07 16:49:28