Akordioa osatzen duten beste estatu batzuetako naziokoak Espainian sartu eta bertan irautea otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren bidez araututa dago. 1.5.2. Estradizioa Amaitzeko, EKren 13. artikuluak, azken bi paragrafoetan, bi erakunde juridiko aipatzen ditu: 13.3 artikuluan estradizioa aipatzen da, eta 13.4 artikuluan, asilo-eskubidea. Estradizioaren bidez, estatu batean delitu bat egin eta beste estatu batean bizi den pertsona lehenengo estatuak kondenatu edo erreklamatzen badu, bertara bidal daiteke. Kontzeptu hori Espainiako kasuari aplikatuz, bi estradizio mota aipa ditzakegu: batetik, estradizio aktiboa (Espainiako estatuak Espainiatik kanpo dagoen pertsonaren bat erreklamatzen duenean Espainian delitua egin duelako) eta, bestetik, estradizio pasiboa (beste estatu batek Espainiari eskatzen dio delitu bat egiteagatik estatu hartan erreklamatu edo kondenatutako pertsona bat, orain Espainian dagoena, atxilotzeko eta bidaltzeko). EKren 13.3 artikuluan estradizio pasiboaren araubide juridikoari aipamen egiten zaio. Erakunde juridiko hori Estradizio Pasiboari buruzko martxoaren 21eko 4/1985 Legean (aurrerantzean, EPL) eta Espainiak arlo horren inguruan sinatu dituen nazioarteko tratatu ugarietan araututa dago. Estradizioaren azken xedea zigorgabetasuna galaraztea da. Horren bidez, estatuak lankidetzan aritzen dira jokabide ez-zilegiak epaitu eta zigortzeko, bestela zigorrik gabe geratuko lirateke-eta, jokabide horien erantzuleak jokabide horiek zein estatutan egin eta estatu horretatik kanpo daudelako. Edonola ere, prozesu horrek zenbait berme eskatzen ditu, estatu batek pertsona batek delitu bat egin duela esate hutsa pertsona horren estradizioa lortzeko nahikoa izan ez dadin, modu horretan pertsona horren oinarrizko eskubideak hautsi daitezke-eta fikziozko akusazioak eginda. Hori saihesteko, Konstituzioak, nazioarteko tratatuek eta Espainiako arau osagarriek kautela eta muga jakin batzuk ezarri dituzte. Lehenengo eta behin, elkarrekikotasun-printzipioa (pertsona bat estatu batera estraditatzeko, estatu horrek, antzeko kasuan, jazarria edo kondenatua Espainiara estraditatzea onartu behar du). Bigarren, «delitu politiko» izenekoak estradiziotik kanpo gelditzen dira, baina Konstituzioan argi utzi da terrorismoekintzak ez direla multzo horretan sartzen; hala ere, egia da askotan ez dela erraza zehaztea zer den «delitu politikoa», ezta «terrorismo-egintzak» zein diren esatea ere. 4/1985 Legean estradizioa zein kasutan eman daitekeen eta zein muga dituen ezarri da, baita prozesuak dituen bermeak ere, oinarrizko eskubide eta askatasunak bermatzeko xedearekin. Modu horretan, estradizio-eskaria benetako delituengatik egiten dela eta oinarrizko eskubideen egikaritzak 302
Konstituzio zuzenbidearen.indd 302
12/11/07 11:49:50