Doktrina - Konstituzio Zuzenbidea (2)

Page 53

otsailaren 24ko 54/1995 KAE). Eta jurisprudentzia hori esparru soziolaboralean bereziki ugaria den arren, beste esparru batzuetan ere sartu da, esaterako zuzenbide zibilean, berdintasun-printzipioa testamentua egiteko askatasunaren muga moduan erabiltzen baita (maiatzaren 24ko 25/1982 KAE). Dena den, argi dago konstituzio-eskubideek botere publikoen aurrean duten eragingarritasuna ondo bermatuta dagoen arren, bide luzea egin behar dela oraindik eskubide horiek partikularren aurrean duten babesari dagokionez. 1.4. Titulartasuna Konstituzio-eskubideen titulartasuna kasu guztietan pertsona fisikoei dagokie. Pertsona juridikoek horien titular izateko duten gaitasunari dagokionez, eskubideen artean bereizi behar da, hau da, ezin da erantzun bakar bat eman eskubide mota guztientzat (martxoaren 14ko 19/1983 KAE). Batzuetan, berez baztertuta dago pertsona juridiko bat titularra izateko aukera (bizitza-eskubidea, osotasun fisikorako eskubidea, etab.); beste batzuetan, pertsona juridikoek protagonismo berezia dute (erlijioerkidegoek erlijio-askatasunari edo ikastetxeak sortzeko askatasunari dagokionez, sindikatuek sindikatu-askatasunari dagokionez, etab.). Oro har, erakunde kolektiboaren izaerarekin bateragarriak diren eskubide guztien titularrak dira, esaterako jabetza-eskubidearena eta benetako babes judiziala lortzeko eskubidearena (urriaren 17ko 137/1985 KAE eta urriaren 22ko 141/1985 KAE). Beste kasu batzuk ez dira hain argiak, baina konstituzio-jurisprudentziak zehaztu egin ditu, pertsona juridikoak beste eskubide batzuen titularrak ere badirela ezarri baitu, besteak beste, etxearen bortxaezintasuna eta ohorerako eta norberaren irudirako eskubidea (irailaren 26ko 139/1995 KAE, abenduaren 11ko 183/1995 KAE). Oinarrizko eskubide horiek normalean estatuaren eta botere publikoen aurrean babesten diren arren, Konstituzio Auzitegiak, salbuespen moduan, pertsona juridiko-publikoak horien titularrak izatea onartu izan du, esaterako benetako babes judiziala lortzeko eskubidearekin gertatu den moduan (urriaren 16ko 237/2000 KAE). Baina, edozelan ere, eskubide batzuk pertsona fisikoek zein juridikoek egikaritu ahal izateak ez du esan nahi babes maila berdina dutenik. Izatez, eskubide horietako bakoitzaren egikaritza titulartasunaren arabera (pertsona fisikoena edo juridikoena) aldatuko da. Ildo horretatik, Konstituzio Auzitegiak berak esan du pertsona fisikoen eskubide jakin batzuen inguruan sortutako doktrina ezin zaiela pertsona juridikoei oso-osorik aplikatu, adibidez, benetako babes judiziala lortzeko eskubidearen aipatu kasuan (urriaren 24ko 197/1988 KAE). 297

Konstituzio zuzenbidearen.indd 297

12/11/07 11:49:49


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.