nean—. «Alarma-egoera» Estatuko Gobernuak adieraziko du, Ministroen Kontseiluak emandako dekretuaren bidez, gehienez jota hamabost egunerako, eta kontu-arrazoiak emango dizkio Diputatuen Kongresuari, hori berehalaxe bilduko baita helburu horrekin; Kongresuaren baimenik gabe, ezin izango da luzatu epe hori (EKren 116.2 art.). Kongresuak luzatzea baimentzen badu, horren irismena eta baldintzak ere ezarri beharko ditu. Ministroen Kontseiluaren Dekretuak adierazpenaren lurralde-esparrua ere finkatuko du. Ikusi dugunez, egoera Estatuko Gobernuak adierazi behar du, bere ekimenez edo autonomia-erkidego bateko lehendakari batek eskatuta, enuntziatu berri ditugun kasuek autonomia-erkidego baten lurraldearen zati bat edo lurralde osoa ukitzen badute. Gobernu zentralaren dekretu honetan, hurrengo hauek ezarriko dira: lurralde-esparrua, iraupena (ikusi dugunez, gehienez hamabost egunekoa izango da eta Kongresuaren esanbidezko baimenarekin soilik luza daiteke) eta alarma-egoeraren ondoreak. Ondoreei dagokienez, egia esan, ez dira oinarrizko eskubideak eteten (horregatik, alarma-egoera ez dago esanbidez aipatuta EKren 55.1 artikuluan, eskubide jakin batzuk eteteari buruz ari denean), eskubide horiek egikaritzeko muga batzuk ezartzen dira, eta administrazio publikoen pertsonal guztia agintari bakarraren zuzendaritzapean jartzen da: Gobernua edo autonomia-erkidego bateko lehendakaria, lehenengoaren eskuordetzarekin. Hartu daitezkeen neurriak ASSELOren 11. eta 12. artikuluetan ezarritakoak dira: pertsonak edo ibilgailuak ordu eta leku jakin batzuetan zirkulatzea edo egotea murriztea; ondasunen aldi baterako errekisak egitea eta nahitaezko prestazio pertsonalak ezartzea; industria, lantegi, tailer, eta abarren gainean esku hartzea eta horiek okupatzea, egoitza pribatuak ez badira; zerbitzuen erabilera edo lehen mailako beharrizaneko artikuluen kontsumoa mugatu edo murriztea; merkatuen hornikuntza eta zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko beharrezko aginduak ematea eta, hondamendien edo osasun-krisien kasuan, arauetan infekzio-gaixotasunei aurre egiteko, ingurumena babesteko, uren eta baso-suteen kasuan ezarritako neurriak hartzea. Nahitaezko zerbitzu publikoak gelditu edo lehen mailako beharrizaneko produktuak hornitzen ez badira, enpresetan eta zerbitzuetan esku-hartzeak egitea eta horietako langileak mugitzea adostu daiteke, funtzionamendua bermatzeko. 6.1.2. Salbuespen-egoera «Salbuespen-egoera», EKren 116.3 artikulura bildua, ordena publikoaren eraldatze larriak eragiten dituzten krisien aurrean erreakzionatzeko ezarrita dago. ASSELOren 13. artikuluak ez ditu modu itxian aipatzen adierazpenean sartzen diren kasuak; horren ordez, hurrengoa ezarri 529
Konstituzio zuzenbidearen.indd 529
12/11/07 11:50:25