erabakien aurka errekurtsoa aurkez daiteke Estrasburgoko Auzitegian, horren inguruko jurisprudentziak ezartzen duen moduan (GEEAE hauek: 1978ko ekainaren 28koa —König kasua—; 1981eko ekainaren 28koa —Le Compte, Van Leuven eta De Meyère kasua—; 1983ko otsailaren 10ekoa —Albert eta Le Compte kasua—; 1985eko martxoaren 25ekoa —Barthold kasua—; 1987ko azaroaren 30ekoa —H. versus Belgika kasua—; 1995eko irailaren 26koa —Diennet kasua—, etab.). Amaitzeko, eta EKren 36. artikuluak aipatutako tituludun lanbideetan aritzeari dagokionez, Konstituzioaren ikuspuntutik, bereizi egin behar da lanbidea aukeratzeko askatasuna, mugarik ez duena (EKren 35. art.), eta aukeratutako lanbidea gauzatzeko askatasuna, mugak izan ditzakeena, horretarako betekizun jakin batzuk eska daitezke-eta —titulazio akademiko berezia, etab.— (EKren 36. art.). Bada, EKren 36. artikuluan aipatzen diren tituludun lanbideak gaitzen duen titulu akademiko edo profesional bat edukitzea eskatzen dutenak dira. Horrez gain, lanbide-elkargo batean sartzea legez eskatzen bada, tituludun lanbideak, ikusi dugunez, elkargora bildutako lanbide bihurtzen dira. Edonola ere, Carta Magnak ezartzen duen moduan, legeak arautu behar ditu eta, beraz, horien arauketa erregelamenduko arauetara «zurian» igortzeko aukerak ez du lekurik. Aitzitik, baimendu egiten da lege arautzaileek erregelamenduetara igortzea, baina inoiz ere ez igorpen horiek direla bide arauketa independentea eta legearen mende ez dagoena egin ahal izatea, eta edonola ere, tituludun lanbide baten arauketak interes publikoaren irizpidea izan behar du oinarri beti, eta muga askatasunaren funtsezko edukiaren errespetua izan behar da (uztailaren 24ko 83/1984 KAE; apirilaren 10eko 42/1986 KAE). 4. Gizarte- eta ekonomia-politikaren printzipio artezkariak EKren III. kapituluan, «Gizarte- eta ekonomia-politikaren printzipio artezkariak» izenburupean, EKren 1.1 artikuluan Espainiari buruz egiten den definizioarekin («zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa») lotutako eskubideen multzoa biltzen da. Eskubide horietako batzuei «hirugarren belaunaldiko eskubide» esaten zaie, esparru pribatuko eskubideak / esparru publikoko eskubideak dikotomia klasikoa baino harago baitoaz. Kontua ez da estatuak jarrera pasibo edo abstentzionista hartu behar duen, hau da, eskubide horiei kalterik ez diela egin behar edo ez dituela murriztu behar, besteak beste, adierazpen-askatasunarekin edo intimitaterako eskubidearekin gertatzen den moduan; horren ordez, estatuari jarrera aktiboa eskatzen zaio, hau da, zerbitzuak ematea. Kapitulu honetan, konstituziohistorian berritzaileak diren eskubideak agertzen dira (gogoan izan ditzagun ingurumenerako eskubidea, aisiarako eskubidea, etab.) eta, beraz, 476
Konstituzio zuzenbidearen.indd 476
12/11/07 11:50:17