Auzitegiak argi utzi du Estatuaren eskumena dela desjabetze-prozeduraren eta -bermeen inguruko guztia, EKren 149.1.18 art. dela bide, baina autonomia-erkidegoek desjabetze-arrazoien inguruan legeak egiteko eskumena dutela onartu du, haien eskumenak egikaritzen dituztenean (martxoaren 26ko 37/1987 KAE, Nekazaritza Eraldaketari buruzko Andaluziako Parlamentuko Legearen kasuan). 3.2. Enpresa-askatasuna «Konstituzio ekonomiko» izenekoaren barruan, EKren 38. artikuluan aitortutako enpresa-askatasuna eta merkatu-ekonomia oinarrizko osagaiak dira. Espainiako sistema ekonomikoa merkatu-ekonomiako sistema da, eta horretan Konstituzioak estatu-plangintzako osagai batzuk sartu ditu. Horrez gain, botere publikoek esku hartzeko aukera dutenez, tradiziozko eredu kapitalistarekin bat ez datorren eredu ekonomikoa sortu da, eta batzuk «ekonomia misto» moduan definitu dute. Horrenbestez, ez da arraroa autore batzuek «ekonomia dualistari» buruz hitz egitea. Ekonomia horretan jabetza pribatua eta jarauntsia bermatzen dira (EKren 33. art.). Enpresaaskatasuna aitortzen da merkatu-ekonomiaren esparruan, eta ekoizgarritasuna defendatzen da; hala ere, biak bateragarriak izan behar dira ekonomia orokorraren eta ekonomia-plangintzaren eskakizunekin (EKren 38. art.) eta jarduera ekonomikoko ekimen publikoarekin. Edonola ere, interes orokorrak lehentasuna izango du beti, eta herriaren aberastasun guztia horren mende dago, titulartasuna gorabehera. Horrek justifikatu egiten du eskubide pribatuak mugatu ahal izatea, estatuaren esku-hartzea, oinarrizko baliabide edo zerbitzuak sektore publikoari erreserbatzea, eta inguruabar berezietan enpresen gaineko esku-hartzea egitea (EKren 128. art.). Konstituzioan duen kokapenari dagokionez, enpresa-askatasuna, jabetza-eskubidearen bermea bezala, I. tituluko lehenengo kapituluaren bigarren atalean dago, eta horrek babes handia ematen dio, baina ez ahal den handiena. Kokapen horren ondorioetako bat arauketa orokorra lege-lerruneko arau baten bidez egin behar dela da, baina horrek ez du esan nahi nola edo hala enpresen funtzionamenduarekin zerikusia duen guztiak, guzti-guztiak, lege-lerruna duenik nahitaez. Konstituzio Auzitegiaren esanetan, eskubidea «enpresajarduera askatasunez abiatzea eta eustea da; jarduera horretan mota desberdinetako arauek arautzen dute, botere publikoek lanbideak, ogibideak eta enpresa-jarduerak arautu ditzakete eta» (azaroaren 16ko 37/1981 KAE; uztailaren 24ko 83/1984 KAE). Ez da erraza enpresa-askatasunaren funtsezko edukia mugatzea, baina Konstituzio Auzitegiak aztarnak utzi ditu eskubide honen babesaren mugak jorratu dituzten epai desberdinen bidez. Printzipioz, EKren 128. artikuluan 470
Konstituzio zuzenbidearen.indd 470
12/11/07 11:50:16