EKren 24. artikuluaren eduki zehatzari dagokionez, lehenengo paragrafoan prozesu guztietan aplikatzeko modukoak diren bermeak daudela esan ohi da, eta bigarrenean berme gehigarriak daudela. Batzuk zein besteak zigor-prozesuari bereziki aitortzen zaizkio. Amaitzeko, hirugarren lerrokadan ezarri da legeak arautuko duela ahaidetasunarengatik edo lanbide-sekretuarengatik zein kasutan ez dagoen betebeharrik, ustez delitu diren egitateei buruz adierazpenak egiteko. 24. artikuluko bermeen analisira itzuliz, lehenengo, prozesu guztiei dagozkien bermeak aztertuko ditugu eta, ondoren, zigor-prozeduren berme zehatzak. 5.1. Prozesu guztiei dagozkien bermeak Prozesu guztiei dagozkien bermeetara osagai batzuk biltzen dira. Konstituzio Auzitegiari jarraituz (azaroaren 12ko 102/1984 KAE), doktrinak atal hauetan taldekatzen ditu osagai horiek: Lehenengo eta behin, sistema judizialera heltzea izenekoa. Jorratu beharreko lehenengo gaia eskubidearen titulartasunari buruzkoa da. GEEAren doktrinari jarraituz (1981eko maiatzaren 6ko epaia —Buchholz kasua—), Konstituzio Auzitegiak esandakoaren arabera, Konstituzioan pertsona guztiek benetako babes judiziala lortzeko eskubidea dutela ezartzean, pertsona fisiko eta juridikoak, naziokoak eta atzerrikoak barruan daudela ulertu behar da, eta eskubide hori eskubide eta interes legitimoak ukitzen dituzten prozesu guztietara hedatzen dela, baita beste pertsona batzuek hasitako prozesuetan alderdi izateko eskubidera ere, prozesu horietan eskubide eta interes legitimoak ukitzen badira (apirilaren 12ko 64/1988 KAE; urriaren 17ko 287/1994 KAE). Baina harago joanda, salbuespen moduan onartu du pertsona juridiko publikoak ere eskubide horren titularrak direla antolamendu juridikoak prozesuan alderdi izateko gaitasuna aitortzen badie horien jarduera ez-administratibotik edo publikotik eratorritako eskubide eta interes legitimoak defenditzen dituztenean; izan ere, kasu horretan hirugarrenen egintzen aurrean erreakzionatzen dute (partikularrak edo beste administrazio publiko batzuk) eta horiei ezin diete euren borondatea ezarri horien aurrean ez dutelako gehiegizko botererik, auzi horietan pertsona publikoek ez baitute pribilegio edo onurabide prozesalik eta edozein partikularren moduan justizia eskatzen baitute, prozesura heltzeari eta horretan babesgabezia ez jasateko eskubideari dagokienez (KAE hauek: apirilaren 12ko 64/1988; ekainaren 19ko 91/1995; uztailaren 8ko 123/1996; uztailaren 26ko 175/2001; urriaren 9ko 173/2002; apirilaren 23ko 74/2003; martxoaren 23ko 45/2004, etab.). Zalantzarik gabe, zuzenbidean oinarritutako ebazpen bat lortzeko eskubidea zapuztu egin daiteke eskubidea legean ezarritako bide prozesale430
Konstituzio zuzenbidearen.indd 430
5/12/07 11:44:31