Doktrina - Konstituzio Zuzenbidea (2)

Page 185

konkurtsoen deialdiak oro har eta modu abstraktuan ezarri behar dira, eta ez erreferentzia indibidual edo zehatzen bidez, horien bidez hautaketa-prozesuaren emaitza aurretik zehaztu ahal bada; horrez gain, betekizun eta baldintzak meritu- eta gaitasun-irizpide objektiboen araberakoak izan behar dira modu esklusiboan (KAE hauek: azaroaren 25eko 148/1986; apirilaren 18ko 67/1989; martxoaren 23ko 47/1990; otsailaren 14ko 27/1991; urtarrilaren 26ko 16/1998; martxoaren 11ko 37/2004, etab.). Amaitzeko, EKren 23.2 artikuluak babestutako eskubideak ez die aipamen egiten soil-soilik eginkizun publikoetara heltzeko bermeei, baita eginkizun publikotik aldendua ez izateko eskubideari ere, izaera orokorrarekin ezarritako prozeduren bidez ez bada. 5. Benetako babes judiziala lortzeko eskubidea Benetako babes judiziala lortzeko eskubidea Konstituzioaren lehenengo titulura bildutako eskubide garrantzitsuenetakoa da. Konstituzio zuzenbide kontinentalean, zuzenbide anglosaxoiko due process of law izenekoaren baliokidea da. EKren 24.1 artikuluaren arabera, pertsona guztiek eskubidea dute, beraiei dagozkien eskubide eta interes legitimoak egikaritzean, epaile eta auzitegien babes eragingarria lortzeko, eta ezin daiteke inoiz ere babesgabetasunik gerta. Konstituzio-jurisprudentziak gehien garatu duen eskubideetako bat da eta babes-errekurtsoaren bidez gehien eskatzen denetariko bat da, berdintasun-printzipioarekin batera —EKren 14. artikulura bildu da—. Pertsona guztiek sistema judizialera jotzeko, ahalmen guztiak egikaritzeko, zuzenbidean oinarritutako ebazpen judizial bat lortzeko, horren betearazpena lortzeko eta legean ezarritako errekurtso guztiak egikaritzeko eskubidea dute, eta horren aurrean inola ere ezin da babesgabetasunik gertatu (azaroaren 12ko 102/1984 KAE, ekainaren 14ko 190/1993 KAE). Eskubide horren interpretazioa egiteko, Auzitegiak joera antiformalista izan du argi eta garbi; izan ere, auzitegiaren ustez, prozesuko arauak eta prozeduraren moduak eskubidea osorik gozatzeko bitartekoak dira, eta ez xedeak (otsailaren 6ko 15/1984 KAE, maiatzaren 9ko 142/1994 KAE); arauak oinarrizko eskubidearen eragingarritasunari mesede egiteko moduan interpretatzea eskatu du, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz (hau da, prozesuko betekizun bat betetzen ez bada, eragindako ondorea ez da proportzioz gaindikoa izango, egindako akatsaren benetako garrantziaren proportziozkoa baino), eta ebazpen judizialetatik nahikeria mota guztiak ezabatu ditu. Horrek esan nahi du ebazpen judizialak ziodunak izatea eta behar den beste frogatuta egotea eskatuko dela —bereziki zigor-esparruan, errugabetasun-presuntzioa ezabatzea ahalbidetuko du eta— (maiatzaren 13ko 55/1987 KAE eta ekainaren 10eko 97/1996 KAE). 429

Konstituzio zuzenbidearen.indd 429

12/11/07 11:50:09


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Konstituzio Zuzenbidea (2) by elkarmedia - Issuu